NAIZ
LOIU

Iritsi dira Loiura Lillen istripua izan zuen autobuseko 40 bidaiari

Lillen istripua izan zuen autobusean zihoazen bidaiarietako 40 Loiuko aireportura iritsi dira gaur. Senide eta lagunez gain, hainbat sikologo eta Osakidetzako aditu zituzten zain.

Arratsaldeko 15.30 pasata iritsi da Loiuko aireportura Lillen istripua izan zuen autobuseko 40 bidaiari zekartzan hegazkina.

Aireportuan zituzten zain, senide eta lagunez gain, hainbat mediku, sikologo eta Osakidetzako aditu, gazteak artatzeko. Bertan gela bat prestatu diete, harrera egiteko. Guztiak onik zeuden, baina bat Gurutzetako ospitalera eraman dute, gurasoen desioz, eta espero dute datozen orduotan alta jasotzea.

Leire Madariaga Gobernuko Kanpo Harremanetarako zuzendariak esan duenez, «oso lasai» eta «pozik» daude ikasleak, etxera itzuli direlako.

Ainhoa isla zauritutako ikasleetako batek hedabideei azaldu dienez, «gertatu dena barneratu eta deskantsatzeko» asmoa dute, gertatutakoa «oso gogorra» izan delako. Gazte hau autobusaren atzealdean zihoan eta segurtasun uhala lotuta zeukan, eta kolpeak besterik ez zituen jasan. Lilleko ospitalean zaurituta geratu diren lagunak izan ditu gogoan.

Senideek, berriz, istripua izan zutela jakin zutenetik izan duten «urduritasuna» nabarmendu dute.

Josu Erkoreka Lakuako Gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, Lilleko ospitalean hamahiru lagun daude oraindik, baina horietatik seik datozen orduotan alta jasotzea espero da. Sei lagun larri daude, baina haien bizitza ez dago arriskuan.