Ander Perez Zala
DONOSTIA

396 jardueraz osatutako egitarau «anitza» izango du Donostiako Aste Nagusiak

Donostiako Aste Nagusiaren egitaraua aurkeztu dute gaur Eneko Goia alkateak eta Festa Jardueretarako zinegotzi ordezkari den Alfonso Gurpeguik. Berrikuntzen artean, Ondarretan finkatu duten gune berria nabarmentzen da, non gauero hainbat ikuskizun eta film eskainiko diren. Kartela Javier Villar Ibero diseinatzaile grafikoarena da, ‘Errealitatea’ deiturikoa.

Aste Nagusiaren aurkezpena Ondarretan egin dute. (DONOSTIA KULTURA)
Aste Nagusiaren aurkezpena Ondarretan egin dute. (DONOSTIA KULTURA)

23 gunetan banatutako 396 jarduerak osatuko dute 2015eko Donostiako Aste Nagusiko egitaraua. «Adin, pertsona eta gustu askotarako» prestatu duten egitaraua da aurtengoa, hainbat berrikuntza eskaintzen dituena.

Urteroko kanoikada abuztuaren 8an izango da Alderdi Ederren, 19.00etan. Aurten Koruko Ama Birjinaren Eskola taldekoek eta Easo abesbatzako kideek abestuko dute ‘Artillero’: «Urte guzti hauetan hainbat herrialde eta txokoetan Donostiako ordezkari izan ditugu dantzari eta abeslari hauek. Egindako lanaren esker onez, beraiek izango dute aurten ‘Artillero’ abestu eta dantzatzeko ohorea». Gastronomikako Artillari Nagusiak joko du kanoi danbada.

Los Bebes de la Bulla, Gauerdi eta Taupada taldeek jarriko dute giroa 18.25ean, eta ekitaldiaren ondoren, Rock Kalean taldeak Boulevardean.

Berrikuntzen artean, Gurpeguik nabarmendu du Ondarretan finkatu duten gunea. Bertan abuztuaren 9tik 12ra «fusio ikuskizunak» eskainiko dituzte, eta 13tik 15era, hiru film: ‘Urte Berri On, Amona’, ‘El Planeta de los Simios’ eta ‘Guardianes de la Galaxia’. Hitzordu guzti horiek 23.30ean izango dira.

Bestalde, abuztuaren 8an, Konstituzio plazan, 20.30ean, Jose Mari Usandizaga omenduko dute 35. Txistularien Alardean, bere heriotzaren 100. urteurrena dela eta. Gau horretarako ere berritasun bat prestatu dute: gaueko jai lasterketa, hain zuzen. Hiriaren zentrotik Ondarretara eta itzulia izango da norabidea.

Abuztuaren 9an, Eskolaren 75. urteurrena ospatuko dute, 140 dantzarik eskainitako ikuskizun batekin. Gainera, Nordic Walking-a antolatuko dute familia osoarentzako.

Abuztuaren 14ean, Konstituzio plazan ‘Ez da kasualitatea’ bertso saio musikatua nabarmentzen da. Ekitaldian emakumezko bertsolariek parte hartuko dute: Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Nerea Elustondo eta Eli Pagola. Gai jartzailea Amaia Agirre izango da.

Egun handian, abuztuaren 15ean, jaia zezensuzkoen entzierro, Saguesen kontzertu bat, Ondarretan zinema saioa, eta Kursaaleko terrazetako musikarekin amaituko da. Aste Nagusiko ohiko elementuek jarraituko dute: erraldoi eta buruhandien konpartsa egunero hiriko auzoetan barrena, Sagueseko kontzertuak (Kalakan, Berri Txarrak, Macaco, Skakeitan...), zezensuzkoak, su artifizialen nazioarteko lehiaketa, erromeriak, herri kirolak, euskal dantza...

‘Errealitatea’

Aurtengo kartela Javier Villar Ibero diseinatzaile grafikoarena da, ‘Errealitatea’ deiturikoa. Azaldu dutenez, «diseinu sinple eta modernoa du, atzealde koloretsua uda gogoratuz. Pieza honek, aldi berean, donostiarrok ondo ezagutzen dugun elementu bat eusten du, hondartzako itzalkina».

Eraso sexisten aurka

Agerraldian Eneko Goiak azaldu du «bereziki eraso sexistak beti» daudela soberan. Hurrengo astean udaletxean jaietarako prestatu duten ekitaldia eta kanpaina aurkeztuko dute, eta gogorarazi du Aste Nagusian eta egunerokoan eraso hauen aurrean «jarrera aktiboa» behar dugula eraso gehiago ez izateko.