NAIZ
DONOSTIA

Desioak sutan jarriko dituzte hainbat herritan, Sahararekin elkartasunez

Duela bi urte Zarautzek hasitako bideari jarraiki, abuztuan zenbait herritan egingo dute bat ‘Desioak Sutan Sahararentzat’ ekimenarekin. Su bolak zeruratuko dituzte, elkartasuna adierazteko, eta horiek saltzen ateratako dirua errefuxiatuen kanpalekuetan egitasmo desberdinak bultzatzera bideratuko da.

2014ko Desioak Sutan ekimenaren irudi bat. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
2014ko Desioak Sutan ekimenaren irudi bat. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Zarautzek irekitako bideari jarraiki, eta Euskal Fondoak bultzatuta, ‘Desioak Sutan Sahararentzat’ ekimena aurkeztu dute gaur, abuztuan zehar hainbat herritako zeruak koloreztatuko dituena. 

Abuztuaren 2an Getarian egingo da ekimena, 9an Aian, 16an Zarautz, Kuartango eta Larrabetzun eta, azkenik, 21ean Tolosaldean. Herriei gogoratu diete oraindik garaiz daudela ekimenarekin bat egiteko.

Modu horretan, herri horietan suzko bolak salduko dituzte eta aipatu egunean zeruratuko dituzte, Sahararen alde. Bola horiek saltzen lortuko duten dirua errefuxiatuen kanpamenduetan abian dauden proiektuak bultzatzera bideratuko dute.

Horrez gain, Eñaut Elorrietak propio egin duen abestia eta bideoklipa aurkeztu dituzte.