NAIZ
BOISE

Harrera beroa izan du erabakitzeko eskubidearen alde Boisen egin den ekitaldiak

‘Together or nothing at all’ lelopean, erabakitzeko eskubidearen alde Boiseko Jaialdiaren baitan egin den ekitaldiak harrera beroa izan du. Hiriko alkate David Bieter gidari lanetan zela, Grove hoteleko aretoa bete egin da Juan Jose Ibarretxe, Joshua Fischer eta Jon Camioren hausnarketak entzuteko eta giro bikaina sortu da. Pete Cenarrusa Idahoko Estatu idazkari ohiari omenaldia eginez bukatu da.

Hizlariak, Gure Esku Dagoko kideak eta EHUko errektorea, Grove hotelean. (NAIZ)
Hizlariak, Gure Esku Dagoko kideak eta EHUko errektorea, Grove hotelean. (NAIZ)

Boiseko hirigunean dagoen Grove hotelean ospatu da Euskal Herrian gauerdia pasata zela erabakitzeko eskubidearen aldeko ekitaldia, ‘Together or nothing at all’ lelopean, Gure Esku Dago ekimenak, Agirre Lehendakaria Center-ek eta Columbiako Unibertsitateak antolatuta, Boiseko Jaialdiaren baitan.

Bi ordu inguru iraun du saioak eta hiru hizlari izan ditu: Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia, Joshua Fischer Columbiako Unibertsitateko ikerlari eta irakaslea, eta Gure Esku Dago ekimeneko Jon Camio. David Bieter Boiseko alkateak jardun du aurkezpen lanetan, euskaraz hasieran eta ingelesez ondoren. Ongi etorria egin die eta Boiserentzat ekitaldiak zuen garrantzia nabarmendu du.

Aretoa bete egin da eta hasieratik giro bikaina izan da. Ekitaldia hasi aurretik bi musikarik –soinuarekin eta txirularekin– giroa berotu dute eta entzule guztiak Gure Esku Dagoren kanta abesten jarri dituzte, txaloka.

Ibarretxe izan da hitza hartzen lehena. ‘The Basque Experience: constructing Sustainable Human Development’ bere liburua laburbilduz, herri nortasuna, zilegitasun politikoa eta giza garapen jasangarria lotu ditu. Publikoa bereganatzea lortu du Ibarretxek eta txalo zaparrada jaso du.

Fischerrek hartu dio lekukoa eta Columbiako Unibertsitatean Gure Esku Dago ekimenaz egiten ari diren ikerketa izan du hizpide.

Azkenik, AEBetako euskal diasporako eta Gure Esku Dagoko kide Jon Camiok dinamikaren inguruan jardun da: nola sortu zen, ze testuingurutan, ze bilakaera izan duen, etorkizuneko erronkak... Iazko giza katearen eta aurtengo futbol zelaietako bideo bana proiektatu dituzte, eta une hunkigarriak izan dira irudiak ikustean.

Camiok bere mezuan nabarmendu nahi izan du Euskal Herria nazio bat dela, erabakitzeko eskubidea duela eta orain dela horretarako unea.

Ekitaldia bukatzeko Pete Cenarrusa Idahoko Estatu idazkari izandakoari omenaldia egin diote. Bere alarguna, Freda Cenarrusa, aretoan zegoen.

Diasporako ordezkariez gain, Anjel Oiarbide Gure Esku Dagoko bozeramailea, Josu Juaristi EH Bilduko eurodiputatua eta Jon Iñarritu Amaiurko diputatua, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Okinawako Unibertsitateko ordezkariak eta Gorka Espiau Young Foundation-eko ordezkaria bertan izan dira, beste askoren artean.