NAIZ
DONOSTIA

Elkartasuna eta euskararen aldeko mezua zabalduko dute Ezkila Kapitainak eta Mattik

Donostiako Piratek look berria duen eta esku lanean eraikitako Ezkila Kapitaina aurkeztuko dute, aurten Xibaroko Kofradia bidelalagun izango duena. Urte honetan elkartasuna nabarmenduko du. Mattiri dagokionez, euskararen zabalpena zabalduko du, «euskaraz abordatu dugu beti Donostia eta ezinbestekoa iruditu zaigu hala jarraitzea Piraton nortasuna adierazteko tresna ere badelako».

Iazko Aste Nagusian Ezkila kapitaina, Matti eta kofradiak txupinazora bidean. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Iazko Aste Nagusian Ezkila kapitaina, Matti eta kofradiak txupinazora bidean. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Aste Nagusiro Mattik ideia eta balore ezberdin bat ordezkatu ohi du, «Piraton ustez interesgarriak diren ekimenak edo baloreak sustatzen dituzten eragile, elkarte edo taldeen ordezkaria da». Aurten euskararen zabalpena nabarmenduko du Aste Nagusiko ikono bihurtu denak.

Euskararen aldeko «lan eta dedikazioagatik» ‘Irutxuloko Hitza’ aukeratu dute Piratek aurten, «badirelako urte batzuk jarraipen berezia egiten diola Piraten Aste Nagusiari, eta maitasunez egindako lana egin dutela ikusten da».

Ohar batean adierazi dutenez, «euskaraz abordatu dugu beti Donostia eta ezinbestekoa iruditzen zaigu hala jarraitzea Piraton nortasuna adierazteko tresna ere badelako». Euskaltzaletasuna landuko duen lantaldea «sortu dugu beraz, Aste Nagusiari begira lehen urratsak emango dituena, epe luzerako begirako asmoarekin». Helburua da euskararen presentzia jaien esparruan bermatu eta indartzea.

Ezkila Kapitainaren itxura eraberritua

Egitarauaren aurkezpenean azaldu bezala, aurtengo Ezkila Kapitaina itxura eraberrituarekin dator. Urte osoan zehar «auzolanean eta Piraten mugimenduan dagoen inspirazio artistikoa asetuta» eskulanean antolatutako Kapitaina aurkeztuko dute.

Xibaro Kofradia izango du bidelagun, eta urtero bezala, mezu eta helburuak nabarmenduko ditu, aurten elkartasunaren zabalpena. Ezkila Kapitaina Xibaroen elektrotxarangan, dispertsioaren aurkako egunean edota Xibaroen egunean ikusi ahal izango da, baina baita txupinean, abordatzean eta beste hainbat ekitaldietan ere.