NAIZ

Apple-ek 27.000 herritarren eskaria jasoko du bere produktuak euskaraz ere eman ditzan

Bidean dira plataforma digital baten bidez jasotako 27.003 pertsonen sinadurak, eskaria Apple enpresak bere eskaintzan euskara ere barnera dezala. Ekimenaren sustatzaileak instituzioen esku hartzea ere bilatu nahi izan du, sinadura kanpainarekin ez dute bat egin baina Lakuak eskutitza igorriko du sagarraren konpainiara eskaria bere eginez.

830 orritan jasotako 27.003 sinadura Apple konpainiaren egoitzara bidean dira. Iparra.net proiektuaren buru den Xabier Martinek abiatutako ekimenak arrakasta izan du erabiltzaileen artean eta sagarraren konpainiari dagokio, orain, eskariari erantzutea. Change.org plataforma baliatuz ekin zion Martinek sinadura bilketari eta atzo igorri zituen sinadurak Apple-era.

Aste batzuk atzera hainbat instituziori ekimenarekin bat egiteko deia egin zien Martinek. Sinadura bilketa sustatu ez arren, Lakuak Apple-i bere eskaria helaraziko diola iragarri du ekimenaren sustatzaileak.

Mundu osoko sinadurak

Euskal Herrian jaso dira sinadura gehienak baina ia mundu osoko herrialdeak ageri dira Martinek publiko egin duen herrialdeen zerrendan. Australia, AEBak, Errusia, Irlanda, India, Danimarka, Txile eta Txina, besteak beste.