NAIZ
GASTEIZ

Darko Planinic pibota fitxatu du Laboral Kutxa Baskoniak

Laboral Kutxa Baskoniak 2015/16 denboraldirako taldea ixteko pauso berri bat eman du: Darko Planinic pibota fitxatu du, hiru urterako. 2,11 metroko garaiera du kroaziarrak, eta zentimetroak eta kiloak emango dizkio arabarren barneko jokoari. Bihar iritsiko da Gasteizera.

Darko Planinicek 24 urte ditu, 2,11 metroko luzera eta Montenegroko Buducnost taldean osatu du aurreko denboraldia. 10,1 puntu sartu eta 3,6 errebote jaso ditu, batez beste, Eurocupeko partidetan, eta 9 puntu eta 3,7 errebote Liga Adriatikoan.

Mostarren jaioa, Planinicek badu eskarmentua Europako lehiaketetan, Tel Aviveko Maccabirekin Euroliga jokatua baita eta Buducnostekin berarekin eta Zagrebeko Cibonarekin Eurocup.

Pibot klasikotzat definitu du Laboral Kutxa Baskoniak, gogorra, eta gaztea izanagatik esperientziaduna. Bera fitxatuta, eta aurretik taldean diren Anosike eta Ilimane Diopekin, arabarrek itxitzat eman dute barruko jokoan jardungo duten jokalarien multzoa. Bihar iritsiko da Gasteizera, mediku azterketa pasatu, aurkezpena egin eta entrenamenduei ekiteko.