NAIZ
MUNITIBAR

Munitibarko Udalbatza Cardaño eta Fernandezen atxiloketen aurka agertu da

Munitibarreko Udalbatzak aho batez onartu du Aingeru Cardaño eta Aitor Fernandezen atxiloketen aurkako mozioa. Euskal Herrian «garai berriek eskatzen duten elkarbizitzaren aurka» doazela azpimarratu dute.

Indautxun atxiloketen aurka agertu dira. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)
Indautxun atxiloketen aurka agertu dira. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)

Aingeru Cardaño muñitibarraren eta Aitor Fernandezen atxiloketak aho batez gaitzetsi ditu Munitibarreko Udalbatzak. Urgentziazko batzar orokorra egin dute eta bertan aurkeztutako mozioa onartu dute. 

«Atxilotze eta espetxeratze horren aurrean, egin ditzakegun ñabardura ezberdinen gainetik, Udalbatza osatzen dugun talde politikook aho batez adierazi nahi dugu kontu horrek ez duela ez Munitibarren, ez Euskal Herri osoan, garai berriek eskatzen duten elkarbizitza normaltasunez eraikitzen laguntzen, bake iraunkor eta justua eraikitzeko uneotan», adierazi dute ohar baten bidez.

Era berean, zigorra «neurrigabea« dela azpimarratu dute, eta «garaiz kanpo» iritsi dela. Ildo beretik, senide eta lagunek jasan beharko duten kondena salatu dute, «dispertsioaren ondorioz». Cardañok duela gutxi seme bat izan duela eta horrek dakarren larritasuna adierazi dute.

«Aingeru eta berarekin zigortutako Aitor Fernandezen espetxeratzearen aurka agertzen gara eta komisaldegian jasandako torturak gaitzesten ditugu». Azkenik, egoera salatu eta protestetan parte hartzeko deia zabaldu dute.