NAIZ

Astanaren festan, Mikel Landak 11. etapa irabazi eta Aru da lider berria

Mikel Landa murgiarra izan da Vueltako 11. etapako irabazle. Mendiko etapa handian Fabio Aru bere taldekidea izan da faboritoen artean indartsuen. Froome lehiatik kanpo geratu da eta Valverdek eta Quintanak ere egun txarra izan dute. (Etapa, sailkapenak).

Mikel Landa garaile Vueltako etaparik gogorrenean. (Jaime REINA / AFP)
Mikel Landa garaile Vueltako etaparik gogorrenean. (Jaime REINA / AFP)

Vueltako etapa handia izan da gaurkoan, Andorrako errepideetan. Diotenez, historiako etaparik gogorrena, eta euskaldun bat izan da garaile. Mikel Landa arabarrak ihesaldi bat aprobetxatu du bi besoak altxatzeko eta urte eder bat borobiltzeko. Astanaren festa osatzeko Fabio Aru sardiniarra izan da bigarren eta sailkapen nagusiko lider berria da.

Asko aipatu da gaurko eguna eta ez du hutsik egin. Banaka-banaka iritsi dira helmugara. Lehen kilometroetatik izan da etapa mugitua. Sailkapen nagusiko txirrindularien taldeek norbait sartu nahi zuten aurretik eta erasoari erasoak erantzun dio. Imanol Erviti nafarra ibili da denbora batez lasterketa buruan, eta gero Mikel Landa, Omar Fraile eta Romain Sicard zeuden talde batek hartu dio txanda.

Bertatik abiatu da Landa garaipenaren bila. Ordurako, atzetik, Froome geratua zen faboritoen taldetik, lehen kilometroetan eroriko bat pairatu eta gero. Atzetik aurrerako bidean, Valverdek eta Joaquim Rodriguezek erasoa jo dute, hainbat taldekiderekin batera, baina laster batu zaizkie Aru, Majka eta Mikel Nieve ere, besteak beste. Atzerago, Tom Dumoulin liderrak elastikoaren defentsa bikaina egin du, eta nahiz eta galdu, azken sailkapenerako aurrera pauso berri bat eman, 38 kilometroko erlojupekoa kontuan hartuta.

Azken mendatean, Landak etapa eskuan zuela, Aruk egin du erasoa atzetik. Hasiera batean Puritok eta Dani Morenok eutsi diote, baina Katushako bikoteak ezin izan dio bigarren eraso bati erantzun. Quintana ere saiatu da, baina lehertu egin dute. Nieve eta Majka, aldiz, erritmoa hartuta, ez dute denbora handirik galdu.

Aru da lider berria Vueltan, baina minutu erdian daude Purito eta Dumoulin. Mikel Nieve da lehen euskalduna, zortzigarren lekuan.