@arianekamio
donostia

Emily Watsonek jasoko du aurtengo Donostia Saria

Lars Von Trier-en ‘Breaking the Waves’ filmean egindako Bess McNeill pertsonaiak nazioarteko ospea eman zion eta hainbat sari jaso zituen Emily Watsonek, Oskarretarako eta Urrezko Globorako izendapenak barne. Berak jasoko du Donostia Saria.

Zinemaldiaren aurkezpen ofiziala egin dute gaur. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Zinemaldiaren aurkezpen ofiziala egin dute gaur. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Donostiako Zinemaldiak 63. edizioko aurkezpen ofiziala egin du gaur. Xehetasun gehienak emanda, Donostia Sariaren izena ezagutaraztea zen gaurko jakinarazpen nagusia. Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak aste honetan bertan aurreratu du emakume bat izango zela eta halaxe izan da. Emily Watsonek jasoko du saria aurtengoan, irailaren 25ean.

Watsonek Lars von Trier-en ‘Breaking the Waves’ filmean egin zuen debuta, Bess McNeill pertsonaiaren azalean jarrita. Lan horrek nazioarteko sona ekarri zion eta baita sari ugari ere. Oskarretarako eta Urrezko Globorako izendapenak ere jaso zituen.

Hurrengo lanarekin, ‘Hilary and Jackie’ bi sari horietarako izendapena jaso zuen berriro.

Handik aurrera egindako filmeen artean gogoangarrienetakoa da "Angela´s Ashes" lanean egindakoa, BAFTA sarietarako izendapena lortu zuena.

Emily Watsonez gain, Beste hainbat aktore ezagun ere izango dira Donostiako Zinemaldian: Sienna Miller, Tom Hiddleston, Luke Evans, Ellen Page, Emily Blunt, Benicio del Toro, Tim Roth, Laurie Anderson, Karin Viard, Isabelle Carre, Ricardo Darin, Raphael eta Alejandro Amenabar, beste askoren artean.

Sarreren salmenta

Sarrerei dagokienez, irailaren 11an Sail ofizialeko galetarako (inaugurazioa, Donostia Saria eta Klausura) sarrerak salgai jarriko dira, internet bidez; gainerako kanaletan, irailaren 14tik aurrera eskuratu ahal izango dira.

Irailaren 3tik aurrera, berriz, gainerako saioetarako sarrerak jarriko dira salgai, 9.00etatik aurrera, Zinemaldi Plazako leihatiletan eta Kursaal zentroko leihatiletan, baita interneten, http://www.sansebastianfestival.com helbidean.