NAIZ
BAIONA

Alberto Plazaolaren aurkako euroagindua eta kontrol judiziala, bertan behera

Alberto Plazaola preso ohi oñatiarraren aurkako euroagindua bertan behera utzi du Paueko epaitegiak, Fiskaltzak eta defentsak eginiko eskaerak aintzat hartuta. Ondorioz, kontrol judiziala ere kendu diote.

Plazaola atxilotu zuteneko elkarretaratzea, Ziburun. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Plazaola atxilotu zuteneko elkarretaratzea, Ziburun. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Paueko auzitegiak ezezkoa eman dio Alberto Plazaolaren aurkako euroaginduari, prozesura desegokia dela argudiatuta. Ondorioz, preso ohi oñatiarraren aurkako kontrol judiziala ere bertan behera utzi dute.

Fiskaltzak, defentsak bezala, euroagindua bertan behera uzteko eskaera egina zuen.

Plazaola hilaren 7an atxilotu zuen Polizia frantsesak, Ziburun, eta egun bat geroago aske gelditu zen, kontrol judizialpean.

Santi Arrozpiderekin batera kaleratu zuten iazko abenduaren 4an, 24 urte kartzelan egin ostean, baina martxoan Auzitegi Gorenak aske uzteko erabakia baliogabetu eta biak espetxeratzeko agindu zuen berriro, Estatu frantsesean preso egin zituzten urteak ez zizkiotela kontuan hartuko argudiatuta.

Guardia Zibila Plazaolaren bila joan zen, baina ez zuen atzeman. Ondoren Auzitegi Nazionalak bilatze eta atxilotzeko agindua eman zuen.

Bagoaz

Ohar bidez, Bagoaz kolektiboak dei egin du Plazaolaren aurkako prozedura berririk ireki ez dadin eta, bide batez, «duinki bizitzen» utz diezaiotela.

Europar legeak Batasuneko edozein herrialdetako espetxetan emandako urtean aintzat hartu behar direla dioen arren, Madrilgo Gobernua «legearen gainetik pasa izana» salatu dute.

Horrez gain, euskal presoak kaleratzeko prozesua martxan jartzeko unea dela azpimarratu du Bagoaz kolektiboak. Dispertsioarekin bukatzea eta kondena beteta duten zein gaixotasun larriak dituzten presoak kaleratzea lehentasun direla azpimarratu dute.