Maider IANTZI
Usurbil

Askotariko jendea euskararen eta ikastolen sokari tiraka, «Gattunk» aldarrikatuz

Besta bildua eta zabala izaten ari da "Gattunk" leloarekin ospatzen ari den Usurbilgo Kilometroak, zaharra eta berria, gure aitatxi-amatxien sokari helduz hainbat gauzatan aitzindari izan nahi duena, hiru balio sustatzen bereziki, inklusibitatea, jasangarritasuna eta parekidetasuna.

Hasiera ekitaldian Udarregiko lehendakariak, Xabier Alustizak, azaldu duenez, ikastola bakoitzak bere izaeraren zati bat eman dio urteotan Kilometroak jaiari, eta usurbildarrek urratsa egin dute inklusibitatea, jasangarritasuna eta parekidetasuna bultzatzeko, halakoa irudikatzen dutelako etorkizuneko Euskal Herria. 6.000 biztanle inguruko herri txikia da Usurbil eta bere alkatea, Xabier Arregi, harro agertu da herritarrez. Erran duenez, denek parte hartu dute Kilometroak prestatzen. Auzolana izugarria izan da eta eskerrik zintzoena helarazi nahi izan dio alkateak jendeari. Ikastolaren mandatuari segituz, aipatutako hiru zeharlerroak –inklusibitatea, jasangarritasuna eta parekidetasuna– garatzeko konpromisoa hartu du Udalak.

Haur, gazte eta helduz betetako Udarregi ikastolako patioan hitza hartzen hurrengoa Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza sailburua izan da. Heziberriren hirugarren faseari, hau da, hezkuntza legea lantzeari ekiteko «beso zabalik» agertu da eta lan hori denen artean egin behar dela azpimarratu du. Kilometroak elkarteko lehendakariak, Arantxa Manterolak, pozez hartu ditu hitzok eta eragileekin bilerak hasteko iragarpena.

Azkenik, Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Markel Olanok, «herri guztietan dauden ezadostasunen» gainetik, batzen gaituen horretan egin du indarra: «Euskararen biziraupena da denok batzen gaituen ideia», erran du.

Zinta moztearen ordez, soka ‘dantza’

Soka luze bat zabaldu dute patioaren erdian, herritik datorren soka, herritarrena, hezkuntzarena, kulturarena. Aiton-amona, guraso eta seme-alaba ugarik tiraka gureganaino ekarri dutena. Ez dira hari honi heldu dioten guztiak sartzen patioan, baina ordezkari batzuk bai: ikasleak, irakasleak, agintariak… Denek heldu diote soka berari eta momentu berezia eta hunkigarria izan da zirkuluan Joan Mari Torrealdai, gaurko omendua sartu denean, txalo artean. Berak elkartu ditu sokaren bi muturrak jaiari hasiera emanez.

Geroago egin dioten omenaldia «apaltasunez eta esker onez» hartu du idazle, euskaltzain eta kazetariak. Bere hitzaldian batez ere lelo bat erabili du, ‘Ezina ekinez egina’, ikastolak eta ‘Euskaldunon Egunkaria’ horren adibidetzat jarriz. Sinetsita dago soka ez dela etengo eta euskarari behar duen «gradoa eta ohorea» emanen diotela zuhaitz adaxka berriek.

Familia argazkia atera, denek batera ‘Txoria txori’ kantatu, eta Bergarako Arantzadi ikastolari lekukoa pasatzeko ordua ailegatu da. «Akordatuko gara zuetaz –adierazi du bertako ordezkariak, erdi barrez–. Eta erakutsiko dugu Arantzadi mundiala dela eta mundura zabalduko garela. Espero dugu denok gurekin egotea».

Joko inklusiboak

Musika, dantza, jolas eta jan-edanaren artean badira Usurbilen aipatutako balioekin lotutako ekintza bereziak, joko inklusiboak kasu. Jendeak urritasun egoera bizi dezan saskibaloian jokatu dute gurpildun aulkian eserita. Ikastetxeen arteko erronka ere berezia izan da. Arratsaldeko finalean batzuek urritasunik gabe parte hartu dute, bertzeek gurpildun aulkian, betaurrekoekin ikusmena mugatuta, hanka baten gainean edo bi hankak lotuta. Bertze errealitate bat ikusi eta bizitzea izan da helburua. 

Saskibaloia, adibidez, lagun dezentek probatu du. «Ze zaila den!», erraten zuten. Galdera bat ere sortu zaie: «Zein da momentu honetan urritasuna duena?», gaitasun batzuk ez baitira ikusten.