NAIZ
DONOSTIA

Adimen urritasuna duten pertsonen inguruko aurreiritziak hausteko kanpaina aurkeztu dute

Atzegik, Gipuzkoan adimen urritasuna duten pertsonen aldeko erakundeak, eta Gipuzkoako Aldundiak estereotipo eta aurreiritziak hausteko kanpaina aurkeztu dute, «Ezetz asmatu nolakoa den nire bizitza» lelopean.

«Ezetz asmatu nolakoa den nire bizitza» kanpainaren aurkezpena.
«Ezetz asmatu nolakoa den nire bizitza» kanpainaren aurkezpena.

Gizarte Politikako foru diputatu Maite Peña, Atzegiko lehendakari den Josean Idoeta, kanpainaren koordinatzaile Mitxel Lakunza eta karteletako protagonista diren Sergio Berne eta Lucia Juarez izan dira kanpainaren aurkezpenean.

Aurtengo sentsibilizazio kanpainarako «Ezetz asmatu nolakoa den nire bizitza» leloa erabiliko dute, adimen urritasuna duten pertsonekiko daude aurreiritziak apurtzeko eta gipuzkoarrek haien bizimoduari buruz gehiago ikasteko helburuarekin.

Azaldu dutenez, «parte-hartzailea eta ausarta» izan nahi duen kanpaina honen baitan zenbait galdetegi diseinatu dituzte, Atzegiren webgunearen bitartez erantzun daitezkeenak. Ariketa hauen helburua aipatu kolektiboari buruzko ezagutza maila neurtzea da.

Horrekin batera, Lucia Juarez eta Sergio Bernet protagonistatzat dituzten 8.000 kartel banatuko dituzte –eta 130 markesina–. Estereotipoen inguruan hausnarketa egiteko gonbitea luzatzen duen spot bat ere egin dute.

Adimen urritasuna duten pertsonei eskatu diete beren bizimodua nolakoa den islatzen duten argazkiak sare sozialen bitartez erakusteko, #HorrelakoaDaNireBizitza traolarekin.

Urriaren 13an kanpainako ekitaldia egingo dute, Donostiako Antzoki Zaharrean.

Atzegiko presidente den Josean Idoetaren esanetan, «oraindik kolektibo honen inguruan aurreiritzi eta estereotipo faltsuak existitzen dira, bai euren jarrerari buruz (maitagarriak dira, haurrak bezalakoak dira, ez dute iritzi propiorik...) baita euren bizimoduari dagokionean ere (ez dute lanik egiten, ez dakite ondo pasatzen, ez dute lagunik...)».

Kolektiboa oso anitza dela azpimarratu du Idoetak eta, gainontzeko pertsonekin gertatzen den bezala, baliagarria den eredu bakarra ez dela existitzen.