NAIZ

AEK-n matrikula kopuruak gora egin du 2015-2016 ikasturteari begira

Ikasturte berriari «gogoz» ekin dio AEK-k. Hala adierazi du Mertxe Mujika koordinatzaile nagusiak. Era berean, iazko 12.000 ikasle kopurua gainditu dutela nabarmendu du. Berritasunen artean, jardun biko eredua diseinatu dutela adierazi du, zein Oarsoaldean eta Bilbon jarriko den martxan lehenik.

Mertxe Mugika, Gasteizen AEK-k egin duen aurkezpean. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)
Mertxe Mugika, Gasteizen AEK-k egin duen aurkezpean. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)

«12.000 lagunetik gora iaz AEK-k Euskal Herri osoan dituen euskaltegietan, aurreko ikasturtean baino jende gehiago, eta aurten ere esan dezakegu herritar gehiago hurbildu dela euskaltegietara, lurralde guztietan». Hala adierazi du Mertxe Mujikak, AEKren koordinatzaile nagusiak Gasteizen eskainitako prentsaurrekoan.

Datu gehiagorik eskaini ezinean, gerturatu den jende guzti honek ikasturtean zehar zenbat ordu egiten dituen baloratu beharko dute etorkizunean. «Itxaropentsu eta pozik gaude, baina aurrerago zehaztu beharko dugu», gehitu du.

Gogoratu duenez, oraindik ere badago matrikula egiteko aukera. «Beste behin azpimarratu nahi dugu euskara egunerokoan edo lanean erabili nahi dutenek metodo eraginkorra aurkituko dutela AEKn».

Zentzu honetan, ezagutzera eman duenez, bi aste barru eskaintza berezi bat plazaratuko dute. «Jaurlaritzak euskara ikasteko beste eredu bat arautu du, jardun bikoa. Hori dela-eta, AEKn ikastaro berria diseinatu dugu, prest dauden herritarrak aipatu ereduan murgil daitezen. Estreinakoz Oarsoaldean eta Bilbon eskainiko ditugu, urriaren 20tik aurrera», zehaztu du Mujikak.