NAIZ
GIXUNE

Igandean zendutako emakume baten heriotzaren harira gizonezko bat atxilotu dute Lehuntzen

Igande iluntzetik 26 urteko Lehuntzeko gizonezko bat atxilotuta dago, 30 urteko bikotekidearen heriotzarekin zerikusia izan dezakeelakoan. Gixune eta Ahurti arteko errepidean larunbat gauean izan ziren bi auto istripuren harira abiatu du ikerketa Baionako fiskalak.

Lehuntzeko 26 urteko gizonezko bat atxilotuta dago, igandean zendu zen bere bikotekidaren heriotzarekin zerikusia izan dezakeelakoan. ‘Sud-Ouest’ kazetak jakinarazi duenez, larunbatetik iganderako gauean aurkitu zuten emakumearen gorpua Gixunen, zuhaitz baten aurka istripua izandako auto batean. Jakinarazi dutenez, bikotekidearen aitarena zen gidatzen zuen autoa.

Emakumea Baionako ospitalera eraman zuten, baina zauriengatik hil zen bertan. Istripua gertatutako lekutik bost kilometro ingurura, ordea, beste istripu bat izan zen, baina kolpatutako kotxearen barnean ez zuten inor topatu; horren ondotik, ikerketari ekin zion fiskalak. Azken auto hori hildako emakumearena zen.

Era berean, fiskalak hainbat lekukori deklarazioa hartu zien. Batek ezbeharra Ahurtin gertatu zela adierazi arren, beste batzuek Gixunen kokatu zuten istripu bera. Emakumearen bikotekidearen azalpenak entzun ondoren, atxilotu egin zuten igande arratsaldean bertan. «Borondatezko indarkeria» egon zitekeela uste du fiskalak, baina «heriotza eragiteko asmorik gabe».