NAIZ
GIXUNE

Gixunen hildako emakumearen bikotea espetxeratuta, indarkeria matxista kasua dela baieztatu da

Igandean Gixunen auto istripu baten ostean zendutako emakumearen bikotekidea espetxeratu egin dute, fiskalaren aurrean deklaratu eta azken honek indarkeria matxista kasu berri bat dela ondorioztatu eta gero. «Heriotza eragiteko asmorik gabeko borondatezko indarkeria» leporatzen dio.

Igande iluntzean atxilotu zuten 26 urteko gaztea, goizaldean bere bikotea auto istripu batean hil eta gero. Gizonezkoari atzo hartu zioten deklarazioa eta honen ostean, gauean, espetxeratu egin dute «heriotza eragiteko asmorik gabeko borondatezko biolentzia» leporatuta, indarkeria matxista kasu berri bat dela baieztatuz.

Fiskalak abian jarri zuen ikerketa, baina ez du gertatutakoaren inguruko zehaztasun gehiago eman.

Larunbatetik iganderako gauean aurkitu zuten emakumearen gorpua Gixunen, zuhaitz baten aurka istripua izandako auto batean. Jakinarazi dutenez, bikotekidearen aitarena zen gidatzen zuen autoa. 
Emakumea Baionako ospitalera eraman zuten, baina zauriengatik hil zen bertan ordu batzuk geroago. Istripua gertatutako lekutik bost kilometro ingurura, ordea, beste istripu bat izan zen, baina kolpatutako autoaren barnean ez zuten inor topatu eta horren ondotik, ikerketari ekin zion fiskalak. Azken auto hori hildako emakumearena zen.

Era berean, fiskalak hainbat lekukori deklarazioa hartu zien. Batek ezbeharra Ahurtin gertatu zela adierazi arren, beste batzuek Gixunen kokatu zuten istripu bera. Emakumearen bikotekidearen azalpenak entzun ondoren, atxilotu egin zuten igande arratsaldean bertan. «Borondatezko indarkeria» egon zitekeela uste du fiskalak, baina «heriotza eragiteko asmorik gabe».

Bortizkeria sexisten kontrako kolektibo feministak elkarretaratzea deitu du bihar Baionako herriko etxearen aitzinean 18:00etan.