naiz
donostia

Mikel Peruarenari eman diote Euskadi Literatura Saria, baina uko egin dio

Mikel Peruarena, euskarazko literatura atalean; Martin Olmos, gaztelaniazkon; Joxe Azurmendi, euskarazko saiakeran, eta Yolanda Arrieta, euskarazko haur eta gazte literaturan, dira aurtengo Euskadi saridunak. Idazle eta kazetari hernaniarrak uko egin dio saria jasotzeari.

Joxe Azurmendi, Yolanda Arrieta, Martin Olmos eta Joxean Muñoz. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Joxe Azurmendi, Yolanda Arrieta, Martin Olmos eta Joxean Muñoz. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Mikel Peruarenari eman diote Euskadi Literatura saria ‘Su zelaiak’ (Susa) eleberriagatik, epaimahaiak jakinarazi duenez, baina idazle eta kazetari hernaniarrak uko egin dio jasotzeari.

Saiakera alorrean, Joxe Azurmendi saritu dute, ‘Historia, arraza, nazioa’ (Elkar) lanagatik, eta euskarazko haur eta gazte literaturan, berriz, Yolanda Arrietaren ‘Argiaren alaba’ (autoeditatua) hautatu du epaimahaiak.

Gaztelaniazko literaturari dagokionez, Martin Olmosen ‘Escrito en negro’ (Pepitas de calabaza) saritu dute.

Datorren astean jakinaraziko dituzte nor diren itzulpengintza, ilustrazioa eta gaztelaniazko saiakera alorrean saridunak.

Peruarenaren ukoa

Mikel Peruarenak finalista zela jakin zuenean igorri zien Euskadi sarien arduradunei gutuna, ‘Berria’k dioenez.

Joxean Muñoz Lakuako Gobernuko Kultura sailburuordeak prentsaurrean azaldu duenez, eskutitz horren jakinaraen gainean izan arren epaimahaiak iazko libururik onena berea dela eta saria merezi duela ebatzi zuen eta, ondorioz, bien erabakia errespetatu nahi izan dute. Saria eman diote, beraz, baina Peruarenak ez ditu dagozkion 18.000 euroak jasoko.

Peruarenarenaz gain, sarietatik kanpo uzteko eskatzen zuen beste idazle baten gutuna ere jaso dute aurten, Muñozek esan duenez.