@belastegi
Donostia

Jon Enparantzaren isolamendu egoeraren aurka 511 salaketa aurkeztu dituzte epaitegian

Salaketa bana bildu dute abokatu presoak isolamendu egoeran bete duen egun bakoitzeko. Urtarrilaren 8an Jon Enparantzak eta Arantza Zuluetak bi urte beteko dituzte kartzela prebentiboan isolamendu moduluetan. Egoera horri aurre egiteko ekimen desberdinak egiten ari dira.

Maider Alustiza eta Alfonso Zenon salaketak eskuetan dituztela. Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Maider Alustiza eta Alfonso Zenon salaketak eskuetan dituztela. Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Jon Enparantza abokatu eta preso antiguotarrak bi urte beteko ditu kartzelan urtarrilaren 8an, ogibide bera duen Arantza Zuluetak bezala. Orain arte 511 egun eman dituzte isolamenduan eta egoera latz horren aurreran hainbat ekimen jarri dituzte martxan Enparantzaren senide eta Antiguako bizilagunek. Bere bikotekide Maider Alustiza Donostiako epaitegi aurrean agertu da gaur bildutako salaketak aurkezteko. Izan ere, abokatuek isolamenduan eman duten egun bakoitzeko bat lortu dute. «Bi urte beteko ditu urtarrilean prebentiboan, eta horrek esan nahi du epaitu gabe dagoela. Egoera gogorra da tarte guzti horretan isolamenduan izan dutelako. Ez bakarrik isolamenduan, isolamenduan eta bakartuta. 511 egun, azkar esaten da, 24 orduak, bakar-bakarrik, inor ikusi gabe, inor entzun gabe, inorekin kontakturik izan gabe. Hori astakeria hutsa da», aipatu du Alustizak.

Alfonso Zenon abokatuak ere agerraldian parte hartu du eta berak azaldutakoaren arabera «presoei kartzela erregimen bat jakinarazi zieten baina praktikan aplikatu zaiena ez dator bat. Modulu normal batean egon beharko lukete, gainontzeko presoekin batera, aktibitate kulturalak zein kirola egiteko eskubidearekin. Baina ez da hala». Kexa bat aurkeztu zuten Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren aurrean eta horren erantzunaren zai jarraitzen dute.

«Nik, senide bezala, esaten dizuet ez dagoela arrazoirik egoera hori justifikatzen duena –azpimarratu du Enparantzaren bikotekideak– Nazio Batuen Erakundeak dio debekatuta dagoela pertsona bat 15 egun baino gehiago isolamenduan izatea. Orduan, horri guztiari kasurik egiten ez dion lege bat asmatzen dute, giza eskubideei kasurik egiten ez diena», esan du haserre.

Salaketen bilketaz gain bestelako ekimenak jarri dituzte martxan Antiguan. Esaterako, Udalean mozio bat erregistratuko dute. Espero dute onartua izatea aurretik izan dituzten bileretan oso harrera ona izan dutelako. «Alderdi guzti-guztiekin elkartu gara. Jonen egoera komentatu diegu, ez dela posible donostiar bat egoera horretan egotea», aipatu du Alustizak. Era berean, Giza Eskubideen Batzordean agerraldi bat egin zuten Donostiako presoen artean bi kasu larrienak azalduz, tartean Enparantzarena, eta adierazpen instituzional bat egingo zutela esan zieten.

Azkenik, urriaren 24rako martxa bat antolatu dute Segoviako espetxera abokatu presoari elkartasuna adierazteko. Ondoren Ocañako kartzelara ere joango dira, bertan beste preso antiguotar bat, Juan Carlos Herrador, dagoelako.