Maider Iantzi

Euskal emakumeen memoria berreskuratzeko hamaika idazleren elkarlana

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak argitaratutako «Educación, memoria e historia de las mujeres vascas» hamaika idazleren liburua da, bakoitzak bere arlotik idatzitako artikuluez osatua. Soziologia, politika, historia, hezkuntza… Diziplina aunitz elkartzen dira enbor beraren inguruan: euskal emakumeen memoria aldarrikatzeko beharra.

EHUk Donostian duen Carlos Santamaria zentroko aretoan bildu dira hamaika emakume eta pare bat gizon. Hamaika “Educación, memoria e historia de las mujeres vascas” liburuaren idazleak dira eta beste hamaika aurkezpena entzutera etorri diren herritarrak. Arreta handiz aditu dituzte azalpenak eta ondotik eztabaida atseginean luzatu dira. Proposamenak atera dira… eta bertso bat ere kantatu die entzule batek egileei opari.

Bezperan indarkeria matxistak hildako Almudena M. bilbotarra ere izan dute gogoan. «Zer ikusteko dute bi gaiek?», galde dezake norbaitek. Baina badutela ohartarazi dute, garrantzitsua delako jendarteak emakumeak nola ikusten dituen; «nola ikusi, hala tratatuko gaituzte», adierazi du Julia Monge Intxortako ordezkariak. «Badirudi lehengo emakumeak tuntunak zirela, baina sekulakoak izan dira. Erresistentzia ikaragarria sortu zuten, aurrera egin zuten, askotan senarrik gabe, etxearekin eta umeekin… eta, gainera, alaiak dira!». Erran duenez, urrats inportanteak dira, ikasitako indefentsioa puskatzen dutenak.

Azaldu du Intxortan elkarte eta argitaletxe moduan egiten ari diren ibilbidean konturatu direla emakumeak beti «hor nonbait» gelditzen direla eta ematen duela ez dutela historiarik. «Oso erraz kontatzen dute senarrak, anaiak… gerran egin zutena, baina eurek ez zutela ezer egin esaten dute».

II. Errepublikatik hona

Karmele Bujan egileak emakume horien guztien esperientziak idaztearen beharra azpimarratu du, haiengana hurbiltzearen eta egin zutena jasotzearen garrantzia. Hori egin dute liburua osatzeko eta II. Errepublikaren garaitik gaur egunera arteko testigantzak bildu dituzte.

EHUn bada Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Zuzendaritza bat. 2010-13an berdintasunerako plana egin zen unibertsitatean eta ekintzetako bat jardunaldiak antolatzea izan zen. Memoria berreskuratzeak merezi duen ala ez eztabaidatu zuten lehendabiziko urtean; hurrengoan, hezkuntzaz eta feminismoaz hitz egin zuten. Luz Maceirak eta Karmele Bujanek, liburuaren koordinatzaileak biak, pentsatu zuten bazirela lan ederrak argitaratzeko eta Intxortaren atea jo zuten.

Atzera begirada falta

Maceirak agertu du berdintasun politikak badirela baina atzera begiratzea falta dela, memoria. Hezkuntza eskola baino aunitzez zabalagoa dela argitu du –«batzuetan ahantzi egiten zaigu»– eta horren adibide da liburuko artikulu bat, kartzelako hezkuntza azaltzen duena –itxura batean antonimoak diruditen bi hitz–.

Matilde Garzonen testigantza jasotzen da bertan, Saturrarango preso baten alabarena. Oroitzen du 1966 inguruan, Bilbon zegoelarik, egun batzuk pasatu zituela kartzela izan zenean. Berokiekin lotaratu behar izaten zuten, dena hartzen zuen eta maindireak bustitzen zituen hezetasunari aurre egiteko. Ez zuen ulertzen han bi urte baino gehiago biziz, baldintza penagarrietan, dilisten harrek ematen zieten haragia janez, amak nola luzatu zuen bizia 98 urte arte.

Hala dio Matildek: «Leonor, nire ama, errekurtso handiko emakumea zen, literaturaren maitalea, naturarena, artista, jakintza handikoa, gizatasunez betea, fintasun espiritual handikoa (…) Preso eta umeei on egin zieten amaren irakaspenek».

Memoria soziala, pil-pilean

Maceirak esplikatu du memoria sozialaren gaia pil-pilean dagoela orain Euskal Herrian eta baldintza egokiak daudela ikuspuntu feministatik eztabaida planteatzeko. Teresa del Valle ikertzaile eta irakasleak azaldu izan duenez, memoria soziala talde boteretsu baten eskuetan dagoen baliabide bat da eta emakumeak ez daude bertan. «Memoria borroka eremua eta errekurtsoa bada, emakumeok bertan parte hartu eta errekurtso horretaz jabetu behar dugu», aldarrikatu du Maceirak.

Hori lagungarria da jendarteak emakumeek egindakoa balora dezan, «ez nostalgiaz, baizik eta borroka, lorpen eta porroten parte izan garela eta izango garela aitortuz».

Liburu honen idazleei garrantzitsua iruditzen zaie kontu hauetaz hitz egitea, jardunaldietan gaia aztertzea, liburua ateratzea, eztabaida sortzea, Euskal Herriko esperientzia desberdinetatik emakumeen historiak nola artikulatu hausnartzea, eta konturatzea emakumeek zer ikasten duten beren historiak ikusgarri egiteko prozesuetan parte hartzen dutenean. «Liburuaren idazleek eta Intxortako kideek onartu zuten gonbidapena zabaldu nahi dut, beste historia batzuetan pentsatzeko, era kreatiboan. Eta, memoriaren errekurtsoaz jabetuz eta hezkuntzan eraginez, parekidetasuna lortzeko», adierazi du Luz Maceirak.

«Orain testu hauek ditugu liburuan bilduta, baina bada jende ugari gauzak egiten ari dena eta garrantzitsua da eztabaida sortzea eta pentsaraztea, adibidez, hezkuntzan zer irakasten den eta zergatik dauden hutsuneak hausnartzea». Lan honen xedea ate bat irekitzea da.