NAIZ
BILBO

Urriaren 24an Alternatiben Herria, «eraldaketarako hazia», ospatuko dute Bilbon

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta sinatzen duten sindikatu eta eragileek hurrengo urriaren 24an Bilbon ospatuko duten Alternatiben Herrian parte hartzeko deia egin dute. Ekimen hau «eraldaketaren hazia» izango dela azpimarratu dute.

Alternatiben Herrian parte hartzeko deia egin dute hainbat sindikatuk. (ARGAZKI PRESS)
Alternatiben Herrian parte hartzeko deia egin dute hainbat sindikatuk. (ARGAZKI PRESS)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren sinatzaile diren LAB, ELA, ESK, STEILAS eta EHNE sindikatuetako ordezkariek urriaren 24an Bilboko Areatzan eta Alde Zaharrean egingo den Alternatiben Herria ekimenean parte ahrtzeko deia egin dute. Gaur bizkaitar hiriburuan egindako agerraldi baten bidez, babesa adierazi nahi izan diote ekimenari.

Bertan adierazi dutenez, «eraldaketarako hazia» landatzea dute jomuga eta aldaketa horren parte izatera gonbidatu dute gizartea. «Ekimena hilabete askotako lana da. Prozesuari erreparatuz gero, izugarri aberatsa da. Jende ugari parte-hartzen ari da, ekimenak dagoeneko 145 eragile sozialen atxikimendua jaso duelarik, tartean hemen bildu garen sindikatuak», adierazi dute.

LAB sindikatuko idazkari nagusi de Ainhoa Etxaidek «desobedientzia» ekimen bat izango dela nabarmendu du. Eta alternatiba hau gizarteak eskaintzen duela gehitu, ekimena «soberania sozial» bezala definituz. Honela, «erabakiak bulegotik atera» egin behar direla azpimarratu du Etxaidek.

Ekimenaren baitan, lehentasun moduan kokatu dute «sistemaren aurrean alternatibak bilatzea». ELAko idazkari nagusi den Adolfo Muñozek nabarmendu egin du horrelako ekimenak «kapitalismoarengandik ihes» egiten dutela. Honen harira, «proposamenak garatzearen garrantzia» azpimarratu du Muñozek.

Alternatiben Herriaren egitarauan dokumentalak, eztabaidak, mahai-inguruak eta beste haibat ekimen izango dira.