NAIZ
BILBO

EH Bilduk Hezkuntza Plataformen Topaguneak deitutako mobilizazioekin bat egin du

EH Bilduk bat egin du Hezkuntza Eskubideen Topaguneak larunbat honetarako, azaroak 28, deitu duen mobilizazio egun nazionalarekin. Gasteiz, Donostia eta Bilbon manifesataldi koloretsuak burutuko dituzte eta Iruñean asanblada ireki bat ospatuko dute.

Onintza Enbeitiak eta Ikoitz Arresek egin duten agerraldia. (EH BILDU)
Onintza Enbeitiak eta Ikoitz Arresek egin duten agerraldia. (EH BILDU)

Hezkuntza Eskubideen Topaguneak mobilizazio egun nazionala ospatuko du larunbatean, eta EH Bilduk bat egin du deialdi hauekin. Onintza Enbeitiak eta Ikoitz Arresek Bilbon egin duten agerraldian, hezkuntza sistema propia koalizioaren «helburu» argi bezala finkatu dute.

«Espainiako estatuarekin lotzen gaituzten kateak askatu behar ditugu. Gure hezkuntza sistema propio eta herritarra eraikitzea ezinezko egiten duten kateak askatu behar ditugu; LOMCEren katea askatu behar dugu», adierazi dute.

Zentzu honetan, hezkuntzan «burujabe» izateko beharra nabarmendu dute. «hezkuntzaren gaineko erabakiak hemen hartu nahi ditugu inongo kanpo esku-hartzerik gabe eta horren bidean, ikasturte honetan, Euskal Herrian behar dugun marko pedagogiko eta normatiboa osatzeko prozesua jarriko dugu martxan», gehitu dute.

Larunbatean, azaroak 28, Iruñean asanblada bat ospatuko da, eta Gasteiz, Bilbo eta Donostian kalejira koloretsuak deitu dituzte.