@arianekamio
Donostia

‘Zu’, bizipen pertsonalen elaborazio bat

Anjel Lertxundiren azkena da ‘Zu’. Minbizia, gaitza, sufrimendua eta bere onarpena. Bizipen pertsonaletan oinarritu du oraingoan bere kontakizuna, eta haien elaborazio bat egin du, «ars vivendi» modura aldarrikatzen den lanean.

Anjel Lertxundik Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan aurkeztu du bere azken lana. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Anjel Lertxundik Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan aurkeztu du bere azken lana. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

«Porrot sentimentalen bat bizitzen badugu, gaixotasunen bat diagnostikatzen badigute, maite genuen norbait hiltzen bazaigu, hizkuntza motz geratzen zaigu, ezin dugu gertatutakoa bere betean adierazi. Hala ere, kontatzeko premia dugu, gertatu zaiguna komunikatu nahi genuke. Eta bertsio bat elaboratzen dugu, kontakizun bat antolatzen dugu, sentimenduak transmititzen ditugu». Bizipen pertsonalak halabeharrez eraman ditu literaturara Anjel Lertxundik ‘Zu’ (Erein) lanean. 2012an pankreako minbizia diagnostikatu zioten bere emazteari eta ordutik bizimodua aldatuta ikusi du bai berak, eta baita gaixoak ere.

Gaitzaren berri jakin zuenetik hasi zen idazten sortzaile oriotarrak, haserrea eta kabitu-ezina adierazteko lehenengo eta, gaixotasuna onartuz joan ondoren, lan berberean jarraitu zuen. «Ez da erraza izan eta ez da erraza izaten ari: aitortza egitea erabakitzen denean, narrazioak diskrezioaren eta diskrezio-faltaren ibaiertzetako korrontean egiten du bere nabigazioa».

Hasierako apunte haietan laster hasi zen liburuko protagonistari Zu deitzen, deitura horren baitan izendapen eta distantzia desberdinak aurkitu ahal zituelako idazleak. «Zu senarraren ikuspegitik ikusia dago. Baina senarra idazlea da. Horra bi begirada: senarrarena eta idazlearena. Batzuetan bat egiten dute biek, beste batzuetan ez hainbeste. Eta momentu batean pentsatu nuen liburuak on zukeela bi begirada desberdintzea; batetik, senarra, lehendabiziko pertsona erabiliz, Zugandik hurbil; bestetik, idazlea, senarrak baino begirada neutroagoa duena, hirugarren pertsonan mintzatzen dena, distanteago begiratzen diona bizitzen ari diren egoerari».

Obra gorabehera autiobiografikoetan oinarrituta baldin badago, autorearen gorabehera intimoetan oinarritzen bada, Lertxundiren iritziz narrazioa fragmentatu egiten da, zatitu, eta haien antolamendua da idazlearen zeregina, «fragmentoen arteko loturarik sekuentzia narratzaile bat harilkatzea».

Sufrimenduari eta minari zuzenki heldu badio ere –ez da egiten duen lehenengo aldia–, bizitzaren aldeko aldarria da eleberria. «Gaixotasuna ez da ba gure bizitzaren parte bat? Eta bizitzaren parte bat baldin bada, osasuntsuena ez al da etorritakoa onartu eta esperientzia berria bizitzaren perspektibatik begiratzea, ‘hil artean bizi!’ esaldi ezagunaren bidetik? ‘Hil arte bizi’. Bizi, borroka egin gaitzari. ‘Ars moriendi’ etsipenezko baten atzaparretan erori ordez, ‘ars vivendi’ ahalik eta emankorrena garatzen saiatu».