NAIZ

Haize, euri eta uholde arriskua, ekialdean bereziki

Dezenteko haizea, euria eta uholdea arrisku iragarpena zabaldu dute eremu administratibo bakoitzeko agintariek. Egoera larriena Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian espero da. Donostian krisi mahaia bildu da uholde arriskuagatik. [Iragarpena herriz herri NAIZ.EUS/EGURALDIA]

Hernaniko errugbi zelaia gaur (Hernani Rugby)
Hernaniko errugbi zelaia gaur (Hernani Rugby)

Abisu eta alerta egoeran dira zazpi euskal herrialdeak euri eta haize arriskuagatik. Egoerarik larriena Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian espero da. Alerta laranjan da Gipuzkoa eta iragarpenen arabera 80 l/m2-ko pilatu daitezke hainbat lekutan. Urumea eta Oriako goi-arroko zenbat lekutan 40-60 l/m2 pilatu daitezkeela adierazi du Euskalmetek.

Uholde arriskua kostaldera gerturatu ahala areagotuko da. Adi dira izan daitezkeen kalteengatik inguruko Udalak, Hernanikoa kasu. Portu eta Karabelen ez aparkatzeko deia egin dute, jada, uholde arriskuagatik. Donostian krisi mahaia aktibatu dute hurrengo orduetarako, Urumeak gainezka egiteko arriskuagatik.

Ipar Euskal Herrian osteguneko 13.00ak bitarte alerta laranja ezarri dute, iluntzetik aurrera espero da euri gehien eta bataz beste 35 mm inguruko iragarpena egin arren lekuan leku 80 mm-ra iritsi daitekeela adierazi du Meteo Francek. Baigorrin, adibidez, 66 mm-ko maila neurtu dute eta bereziki Piriniotan euriak izan dezakeen eragina azpimarratu dute.

Nafarroa Garaian ere Piriniotara begira jarri dira. Osteguneko gauerdia bitarte abisu horia eman dute bertan, m2-ko 70 litroak gainditu ahal direla adierazi du AEMET agentziak eta 1.500 metrotik gora elurra egingo duela. Pirinioetan eta herrialdearen iparraldera haizeak ere kezka sortu du, mendate eta zonalde altuetan 90 km/o abiadura har baidezake.

Abisu horia Bizkaian eta Araban

Bizkaian eta Araban abisu horia ezarri dute euriagatik eta haizeagatik. Oraingoz, euri alerta Bizkaiaren ekitaldean ezarri dute, haizea da gainontzeko eremuan kezka sortzen duena, 80 eta 100 km/o arteko indarrez ariko baita.