Zapi kateak berriz ere martxan jarriko dituztela iragarri du Etxeratek. Honela, gaur Baionan egin duten agerraldian, abenduaren 10ean zapi kateak antolatuko dituzte Iruñea, Gasteiz eta Baionan bertan. Iaz burutu zen ekimen hau lehen aldiz.
Giza Eskubideen aldeko egunarekin bat, presoek eta beren senideek pairatzen dituzten eskubideen urraketa salatzeko eta batez ere, sakabanaketa politika deusezteko, –bertan barnebiltzen baitira jasaten dituzten eskubideen murrizketa ugari– mobilizazioak deitu ditu Etxeratek.
Hala, «Dispertsioa STOP» leloa duten zapiak helduta, giza kateak egingo ditu abenduaren 10ean, 12.00tan Gasteizen Ajuria-Enea eta Legebiltzarra lotuz eta Iruñean Nafarroako Parlamentuaren aitzinean. Baionan, berriz, arratsaldeko 18.30ean, Herriko Etxearen aurrean. «Hiru hitzordu, eskaera bakarra» adierazi dute, mobilizazioetan parte hartzera dei eginez.
Era berean, Etxeratek dispertsioaren gastu erantsiak zenbatzen dituen txostena aurkeztu du, hainbat presoren senideekin batera. Bertan, Estatu frantsesak duen erantzunkizuna nabarmendu dute. Txosten hau abuztuan aurkeztu zuten, eta ordutik «gaurkotasunik galdu ez duen txostena» dela azpimarratu dute, espainiar Entzutegi Nazionalak banan-banan bota dituelako atzera hainbat presoren hurbilketa helegiteak.
«Estatu frantsesak ere badu zer esana, bisita eskubidearen prezio hori ere bere ardura delako, dispersatuta dituen 91 presoekin», adierazi dute. Txostenean azaltzen dutenez, «higidura fisiko, psikiko eta ekonomikoak biderkatu» egiten dira.
Zentzu honetan aurrerapausorik ez dela izan adierazi dute: «Dispertsioak berdin jarraitzen du, preso zein senideen osasuna galaraziz, denbora lapurtuz eta ekonomikoki itoz».