NAIZ
DONOSTIA

Independentziaren aldeko mosaiko bat osatuko dute Bilbon, abenduaren 6ko mobilizazioan

Abenduaren 6an EH Bilduk Bilbon egingo duen mobilizazioak «modu libre eta demokratikoan bizi nahi duen herri oso bat dagoela» erakutsiko duela azaldu du koalizioak. Manifestazioaren bukaeran «Bildu independentziara» leloarekin mosaiko bat osatuko dute.

Nekane Perez eta Hasier Arraiz, Donostian eginiko agerraldian. (NAIZ)
Nekane Perez eta Hasier Arraiz, Donostian eginiko agerraldian. (NAIZ)

Donostian egindako agerraldian, Nekane Perez EH Bilduko eledunak adierazi du abenduaren 6an Bilbon (eguerdian, Plaza Eliptikotik abiatuta) egingo den manifestazioa «eguneroko lanaren eta borroken ispilua» izango dela. Asteburu honetan, hamarka ekimen izango dira mobilizazio horretara deitzeko.

«Gure herriak, euskal herritarren gehiengo zabal batek, herritarren eskubideen errespetuan eta bizitza kalitate duinetan oinarritutako etorkizuna amesten du. Etorkizun alaia, koloretsua, konprometitua… Eta horixe izango da, hain zuzen, Bilboko kaleetan irudikatuko duguna», azaldu du.

Manifestazioaren bukaeran, Arriaga plazan, zapata lokarriak erabilita ‘Bildu independentziara’ leloa idatziko dute mosaiko baten bidez. «Guztion indarrak bilduta lortuko dugu mundu zabalari erakustea bakean eta askatasunean bizi nahi duen herri oso bat dagoela erakustea», esan du Perezek.

Hasier Arraizek, bere aldetik, Soraya Saenz de Santamaria Gobernu espainiarreko presidenteordeak atzo Arnaldo Otegiri buruz egindako adierazpenei erantzun die: «Espainiako estatuan ez dago kartzela nahikorik herri honen askatasunarekin konprometituta dauden milaka herritarrak sartzeko, ez dago lekurik Euskal Herrian barna dauden ehunka milaka Arnaldo Otegi-ak espetxeratzeko».

Arnaldo Otegiren egoerak Espainiako estatuaren izaera islatzen duela agertu du. Zentzu horretan, Arraizek adierazi du euskal herritarrek hartutako erabakiak mehatxatzen dituztenei eta onartzen ez dituztenei erantzuteko aukera bikaina izango dela abenduaren 6an Bilbon egingo den manifestazioan eta abenduaren 20ko hauteskundeetan.