NAIZ
BILBO

Hezkuntza sistema propioaren aldarria, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean

Hezkuntza Plataformen Topaguneak deituta, hezkuntza sistema propioaren aldarrikapena kalera atera da Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean. Sistema propio hori «inposizioei aurre egiteko modurik eraginkorrena» dela azpimarratu dute.

Bilboko erdialdetik burutu den kalejira. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Bilboko erdialdetik burutu den kalejira. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

«Ez gara inoren zain geldituko, gu izango gara bestelako hezkuntza eredu bat eraikitzearen protagonista», hitz horiekin aldarrikatu du hezkuntza sistema propioak Hezkuntza Plataformen Topaguneak.

Aldarri horri eutsiz, Gasteiz, Donostia eta Bilbon kalejirak egin dituzte arratsaldean. Eguerdian iruindarren txanda izan da, eta bertan asanblada ere egin dute.

Gogoratu dutenez, hiru helbururekin sortu zen Topagunea: inposizio ororen aurka daudela, LOMCE ez aplikatzeko konpromisoa eta egunez egun sistema propioa eraikitzea.

Hain zuzen, Gobernu desberdinetatik datozen dekretu eta «inposizioei» aurre egiteko «modurik eraginkorrena» hezkuntza sistema propioa eraikitzea dela azpimarratu dute.

«Aurten ere planto egingo dugu. Ez dugu LOMCE onartuko eta 3. eta 6. mailako azterketei planto egingo diegu», aldarrikatu dute.

«Txikitik handira lan egiten jarraituko dugu, norberaren errealitate, behar eta nahiak kontuan izanda», azaldu dute.