Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Esparru ekonomikoko ganberak, elkargo bakarraren alde

Merkataritza eta Industria Ganberak, Ofizialen Ganberak eta Laborantza Ganberak Ipar Euskal Herrirako elkargo bakarraren aldeko iritzia plazaratu dute gaur goizean, Baionan. Erakunde bakoitzak bozketa egin du bere biltzarretan eta, «lurraldearen garapenerako egokiena» delakoan, gehiengo zabalez babestu dute lege erreformak ahalbidetzen duen aukera berria.

Jean-Mixel Anxolabehere, Sauveur Lagourgue eta Andre Garreta, gaurko agerraldian. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Jean-Mixel Anxolabehere, Sauveur Lagourgue eta Andre Garreta, gaurko agerraldian. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Duela aste batzuk Andre Garreta Merkataritza eta Industria Ganberako buruak adierazitako jarrerara bildu dira orain gainerako bi ganberak. Ofizialenaren presidente Sauveur Lagourguek joan den astean, bozketaren bidez, hartutako deliberoa jakinarazi zuen. 26 hautetsietatik 25 alde eta bat kontra agertu ziren. Lagourguek adierazi du «gure artisau, autonomo eta ofizialentzat  Bordele urrunegi» geratzen dela eta erakunde bakarra izatea «finantzamenduak bilatzeko eta lurraldeak pisua izateko irtenbide oso ona»dela.

Antzeko argudioak eman ditu Jean-Mixel Anxolabeherek. Paueko Laborantza Ganberako hautetsiek ostiralean eman zuten beren aburua etorkizunerako garrantzia handia izango duen gai honetaz. «Finean azken erabakia lekuko hautetsiei dagokiola argi dugu. Alta, erakunde publikoak garen heinean, guk ere gure iritzia ematea inportantea da. Ez da soilik afera ideologiko bat, datozen urteetarako laborantzak, lurraren kudeaketak eta lurralde koherentziak eskatzen digun ardura ere bada» gaineratu du. Departamendu mailako 30 hautetsietatik 24 alde eta bat aurka agertu ziren eta gainerako bostek abstentziora jo zuten.

Garretak, berriz, esparru ekonomikoko hiru eragile nagusietako batzarrek hartutako jarreraren garrantzia azpimarratu du. «Herri elkargoen bitarteko ekonomikoen %60 gure jardueretatik dator. Ez dugu, jakina, erabakia hartu behar dutenak ordezkatu nahi baina azterketa eta txosten ugariren laguntzaz sakon jorratu dugu gaia eta uste dugu legitimitatea dugula gure iritzia plazaratzeko», esan du. MIG-eko biltzarrak duela aste batzuk bozkatu zuen eta 26 hautetsiek aho batez Ipar Euskal Herrian elkargo baten alde azaldu ziren.