NAIZ
Los Angeles

Kobe Bryantek denboraldi bukaeran jarriko dio amaiera ibilbide profesionalari

Bi hamarkada NBAn eman eta gero, denboraldi bukaeran Kobe Bryant estatubatuarrak amaiera jarriko dio ibilbide profesionalari. Los Angeles Lakerseko jokalaria NBAren historian saskiratze gehien lortu dituen hirugarren jokalaria da, soilik Kareem Abdul-Jabbar eta Karl Maloneren atzetik.

Kobe Bryant, bart jokatutako partidan. (Thearon W. HENDERSON / AFP)
Kobe Bryant, bart jokatutako partidan. (Thearon W. HENDERSON / AFP)

Kobe Bryantek saskibaloia utziko du denboraldi amaieran. Hala baieztatu du Los Angeles Lakers taldeko hegalekoak. «Unerik onena dela uste dut. Azken urte hau gozatuko dut, kirol honetan dena eman dudala jakinda».

37 urterekin, 20 eman ditu Kaliforniako taldean, denak goi mailan. Honen isla da NBAren historian saskiratze gehien lortu dituen hirugarren jokalaria dela, Kareem Abdul-Jabbar eta Karl Maloneren atzetik.

Azken urteetan lesio desberdinak pairatu ditu, eta honek bere errendimenduan eragina izan du. Hala ere, bost aldiz izan da NBAko txapeldun, bitan finaletako jokalari onenaren izendapena jaso du eta beste batean ligako jokalari onenarena.