NAIZ
BILBO

Aitor Bugallo txirrindulari ohia zendu da Trabakuako igoeran izandako auto istripuan

Trabakuako igoeran, BI-633 errepidean, beste auto batekin talka egin ondoren Durangon bizi zen Aitor Bugallo txirrindulari ohia zendu da, 42 urterekin. Beste gidaria, 35 urteko Mallabiako bizilaguna, ospitalera eraman dute, zaurituta.

Ohar bidez Segurtasun Sailak azaldu duenaren arabera, ezbeharra goizeko seiak jotzear zeudela jazo da, BI-633 errepidean, Trabakua gainean.

Bi autok talka egin dute eta, ondorioz, gidarietako bat bertan zendu da. Durangon.com atari digitalak baieztatu duenez, Aitor Bugallo txirrindulari ohia da istripuan hildakoa. 42 urte zituen.

Beste autoaren gidaria, 35 urteko mallabiarra, Usansolo-Galdakaoko ospitalera eraman dute. 

Ertzaintzak ikerketa abiatu du, gertatutakoa argitzeko.

1996 eta 1998 urteen artean aritu zen Bugallo maila profesionalean, Euskadi taldean (ondoren Euskaltel-Euskadi izena hartu zuen).