NAIZ
DONOSTIA

Donostiako metroaren zundaketak gelditzeko eskatu du Satorralai mugimenduak

Satorralai mugimenduak elkarretaratzea ospatu du Donostian, Eneko Goia alkateari metroaren inguruko zundaketak gelditzea eskatzeko. Asteartean, otsailak 9, elkartuko dira gipuzkoar hiriburuko alkatearekin.

Satorralaia mugimenduko kideek elkarretaratzea egin dute Donostian. (Satorralaia)
Satorralaia mugimenduko kideek elkarretaratzea egin dute Donostian. (Satorralaia)

Satorralai mugimenduko kideak Donostian elkartu dira metroaren inguruko zundaketak gelditzeko eskatuz. Elkarretaratzea ospatu dute gipuzkoar hiriburuan, «bizilagunen egonezina helarazteko eta auzi honetan gizarteak erabakietan parte hartzeko aukera izan dezan, hiritarrak kontsultatzeko konpromezua har dezan eskatzeko».

Jakinarazi dutenez, datorren asteartean, otsailak 9, Eneko Goia alkatearekin elkartuko dira. Modu honetan, metroaren aferaren inguruan «herritarren dagoen ezinegona» helarazi nahi diote. Era berean, herritarren parte-hartzea bermatzeko eskatuko diote Goiari. «Udalak baditu mekanismo nahikoak hori aurrera eraman ahal izateko. Halaber, gure deia Ana Oregi sailburuari ere zuzentzen diogu, nahiz eta bizilagunen mugimendu honek berekin biltzeko egindako eskaerak ez duen oraingoz erantzunik jaso», gehitu dute.

Parte-hartze lan horretan, hiritarrekin ideiak trukatuko dituztela iragarri dute. Oregiren hitzak ere kritikatu egin dituzte: «Batetik, ,etroaren erabiltzaileak urtero 16 milioi bidaiari izango liratekeela esan zuen: bada, zifra hori 2014an aurrikusitakoak baino 8 milioi gutxiago. Bestetik, auto pribatuen erabilera gutxituko lukeela aditzera eman zuen, baina azterketa guztiek ateratako ondorioekin kontraesanean dago hori», azpimarratu dute.