NAIZ
DONOSTIA

Donostiako autobus geltoki berria inauguratu dute eta larunbat honetan jarriko da martxan

Hainbat atzerapenen ostean, inauguratu dute jada Donostiako autobus geltoki berria eta herritarrei ateak ireki dizkiete, arratsaldeko 17.00ak arte, eraikin berria ezagutzeko aukera izan dezaten. Lehen autobusa larunbat goizaldean aterako da.

Donostiako autobus geltokia inauguratu dute. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Donostiako autobus geltokia inauguratu dute. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Eneko Goia alkateak eta Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak inauguratu dute Donostiako autobus geltokia. Irekiera ofizialaren ondoren, herritarrek geltoki berria ezagutzeko aukera izango dute eta ateak zabalik egongo dira, 17.00ak arte, bertaratzen diren guztiek geltokia barrutik ikus dezaten. Iragan urtarrilaren 15ean irekitzea zegoen aurreikusita, baina bertan behera geratu zen kea bultzatu eta ateratzeko sisteman arazoak zeudela-eta.

Geltokia bihar jarriko da martxan, goizeko 5.00etan, ordu horretan abiatuko baita lehenengo autobusa Loiura bidean. Pio XII-tik aterako den azken autobusak, berriz, goizaldeko 3.00etan izango du irteera eta Biarritzerako bidea hartuko du.

Geltoki berrian, egunean, Lurraldebus, Pesa, Alsa, La Baztanesa, Bilmanbus, La Burundesa, La Estellesa, Le Basque Bondissant, Socibus, Monbus eta Atlassib konpainiek kudeatutako 500 bat autobus ibiliko dira. Batez beste, egunero, 8.000 eta 10.000 pertsona inguruk erabiliko dute geltokia, Bilbo, Gasteiz, Eibar, Iruñea, Loiu, Burgos, Madril, Baiona eta bestelako lekuetara joateko.

Autobus geltoki berriak txartel leihatilak, zaindegiak, kafetegia, makina banatzaileen gune bat eta kiosko bat izango ditu, eta martxoan loteria administrazio bat irekitzea aurreikusten da.

Hainbat aldaketa egin da irteera sareetan, kea bultzatu eta ateratzeko sisteman eta erdiko begiaren funtzionamenduan. Hala, jende guztia ateratzeko behar den denboran kearen jokaera egokia bermatuta gelditzen da, nasen aldean sute larria izanez gero.

Geltokiak 32 miloi euroko kostua izan du; horietako 20 miloi baino gehiago Donostiako Udalak (14,6 miloi euro) eta Gipuzkoako Aldundiak (6 miloi euro) jarri dituzte. Falta den kantitatea Murias enpresak ordaindu du; hain zuzen, Murias izango da geltokia kudeatuko duena. Diru kantitate horren barruan, geltoki guztiaren obra eta kanpoko urbanizazioa sartzen dira.

Geltokiak dituen 21 plataformetatik bederatzik irisgarritasuna guztiz bermatzen dute eta gurpildun aulkian doazen pertsonek erosotasunez erabili ahal izango dituzte. Nasa irisgarriek hiru metroko zabalera dute ezintasuna duten pertsonek errazagoa izan dezaten autobuserako igoera. Ikusmenaren aldetik ezintasunak dituzten pertsonentzako sistemak ere baditu. Halaber, ezintasun motaren bat duten pertsonen beharrei erantzungo dien protokoloa dauka, eta hortaz, irisgarritasun unibertsala bermatuta egongo da.