Ariane Kamio Anduaga

Itsaso bat emakume

Emakumeak sare konpontzaile gisa edo kontserba-industriako langile modura irudikatu izan dira imajinario kolektiborik berrienean. Atzera begiratuz gero, denboran haztatuz gero, agertuko dira baina gehientsuenontzat inoiz ikusi gabeak diren irudiak ere. «Emakumeak eta itsasoa» erakusketak biltzen ditu ezkutuko egietako batzuk.

Historian zehar emakumeak lan asko eta ezberdinak egin ditu itsasoaren bueltan. (Juan Carlos RUIZ | ARGAZKI PRESS)
Historian zehar emakumeak lan asko eta ezberdinak egin ditu itsasoaren bueltan. (Juan Carlos RUIZ | ARGAZKI PRESS)

Itsas bazterrean ibiltzera ohituta dagoen orok aiseago jakingo du emakumeak itsasoarekin izan duen harremana ez dela kasualitate hutsa izan, eta harreman horren muina ere ez dela publizitate kartel baterako aitzakia merkea. Emakumea aingura mugiezin bat izan da itsasoan, ontzia portura lotzen zuen txikota, eta are xeheago esanda, hamarkadetan zehar berebiziko garrantzia izan zuen eskulan merkea. Oso merkea.

Donostiako Untzi Museoak “Emakumeak eta Itsasoa” deritzan erakusketa zabaldu berri du, mendeetan atzera begirada zabaldu eta emakumeek itsasoarekin izan duten askotariko harremana egunotara ekarriz. Izan ere, edonork jakin dezake emakumeak izan direla arraina saltzen aritu direnak, edo kontserbaren alorrean haiek izan zirela piezarik eraginkorrena. Baina garai modernoetatik Greziako klasikoetaraino joan daiteke nahi izanez gero emakumeak itsasoarekin izan duen lotura hertsi horretan sakontzeko.

Hasi hasieratik. Erakusketaren lehenengo ataletik. “Itsaslaminak, birjinak eta sorginak”. Denboran haztatzen hasiz gero, klasikoetarainoko bidea egin daiteke. Emakumeak eta itsasoarekiko boterea. Mundu mitikoarekin edo imajinarioarekin zerikusia duten erreferentziak. Laminak. Ikonografia eta irudi oso desberdinak. Klasikoak, Erdi Arokoak edo modernoak. Emakumeekiko irudirik positiboena nereidek emandakoa litzateke, ongiaren eragile eta jendearen laguntzaile gisa ikusten baitziren. Greziarrek, esaterako, laminak ez zituzten arrain formarekin irudikatzen, txori itxurako izaki bezala baizik. Izan daiteke lamina bat ere fisikoki edertasun handikoa. Kondairak dioenez, gizonezkoak erakarri eta itsasoaren hondora eramaten zituzten galbideraino. Munstroetatik gertu jarri dituenik ere badago. Japonia aldean.... eta Untzi Museoko behe solairuan. Ohitura japoniarrean munstroetara asko gerturatzen diren izakiak daude, gorputz erdia arrain, beste erdia emakume. Garai bateko barraketan erakusten ziren izaki munstro itxurakoen antza dute, nahiz eta haiek gehientsuenetan hanka artetik sartutako gola baino ez ziren.

Eta laminen imajinariotik Ama Birjinenetara. Emakumea botere magikodun babesle erlijioso gisa. Marinelek asko erabili izan dituzte Ama Birjinen irudiak. Asko dira kostaldeari lotutakoak Euskal Herrian; Guadalupekoa, Begoñakoa, Itziarkoa... Baita Arantzazukoa bera ere. Figurekin edo eskapulario gisa, itsasontzian edo soinean eraman izan dituzte arrantzale eta marinelek beraien bidaietan. Ez bakarrik ordea beren larrua babesteko; sareetara ere lotzen zituzten eskapularioak arrantza ona izateko, arrainak erakartzeko. Horratx lehorrekook sekula jakingo ez genukeen bitxikerietako bat. Lehenengoa.

Eta iruditerian jarraituz, sorginak. Irudi erabat negatiboa emakumearekiko. Esan izaten zen, bai Euskal Herrian bai beste hainbat tokitan ere, ahalmena zutela denboraleak sortu eta itsasontziak hondoratzeko. Inkisizioak Europa osoan jazarri zituen emakumeak itsasoan gertatutako ezbeharrekin zerikusia zutelakoan. Antonio de Okendorena izan daiteke adibideetako bat. Bere ontziteria osoa desagertu eta jende asko hil zen Pasaiako uretan. Jazoeraren errua Maria Zozayari bota zioten, sorgina zelakoan. Inkisizioak zigortu egin zuen eta erruduntzat jo, baina sutara bota aurretik hil zen.

Adimenean eraikitako emakumeen irudiez harago, errealitateak utzi ditu beste ikono batzuk ere. Emakumeak eta itsasontzia. Nola egon ziren presente Atlantikoaz gaindiko nabigazioetan, konkistetan eta baita gerra batzuetan ere. Gehienak gizonezkoz jantzita, kapitain izatera ere iritsi ziren hainbat. Ez ziren ohiko kasuak, puntualak baizik. Katalina Erauso donostiarra izan daiteke adibidea. Ez zen marinel izan, baina Antiguako komentu batetik ihes egin ondoren, gizon itxura hartuta munduratu zen itsasoz, Atlantikoa eta Pazifikoa gurutzatuz.

Lana egiten bazekiten

Ea ba. Ikastolako azterketa. Azterketa sorpresa. Kontrola, oraingo ikasleek esaten duten bezala. Zer ziren zirgariak? Eta zamaketariak? Neronek, zero patatero neukake.

Lehenengo solairura igoak gara dagoeneko. XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran itsasontziekin lotutako lanak ugariak ziren emakumeen artean. Euskal kostaldean itsasoarekin estuki lotutako ogibideak zituzten emakumeek, eta ez ziren soilik sare konpontzaileak edo kontserba lantegietako beharginak. Batelariak ziren, esaterako. Pasaiakoak ezagunenak, ziur asko. Hainbat lan egiten zituzten. Esaterako, Pasaiara iritsitako kanpotarrak itsas ondotik pasieran eramaten ageri dira koadro batean. Baina ez zen hura zehazki haien betebeharra. Gehientsuenetan merkantziak itsasontzietatik porturaino eramaten zituzten. Batzuetan itsasontziei ere laguntzen zieten portuan sartzen edo ateratzen. Eta, askotan, beraien artean, libertimendu gisa, estropadak egiten zituzten.

XIX. mendean ospe handia eskuratu zuten eta lehenago frantsesen kontrako batailan borroka egindakoak ere baziren. Felipe II.a etorri zenean, batelarien estropada bat ikusi zuen eta Madrilera eraman nahi izan zituen, baina beraiek ez zuten joan nahi izan.

Beste zonalde batzuetan, adibidez, gabarrera gisa ezagutu izan ziren, Zumaia inguruetan-eta, baina bateleren lan berbera egiten zuten; garraio zubi ziren portura gehiago gerturatu ezin zuten itsasontzien zamak lehorreratzeko.

Beste bitxikeria bat, lehorrekoontzat. XVIII. mendean, Caracastik ekartzen zen kakaoa Pasaiako portura eta batelariak bokaletik kanpora ateratzen ziren. Marinelek kakao zaku batzuk askatzen zituzten eta hauek gero estraperloan saltzen.

Beste ofizio bat, zirgariena. Zirga da, hain zuzen, ontziak arrastaka eramateko erabiltzen zuten soka luzea. Zirgariak ziren, zamaketariekin batera, Bilboko portuan lan egiten zuten emakumezkoen bi kolektiboak. Ibaiak zonalde batzuetan ez zuen nahikoa altuerarik eta, hartara, itsasontzi askok ezin izaten zuten aurrerago joan. Beraz, barruan zeramatzaten merkantziak gabarra batzuen gainean jartzen ziren eta emakumeek zirgatik tira eginda eramaten zituzten ibai ertzetik helmugaraino. Langile gehienak emakumeak baziren ere, haien artean egoten zen gizonik, gehientsuenak adinduak edota zamaketari gisa aritzeko dagoeneko gaitasun nahikorik ez zutenak.

Emakumea, eskulan merkea

Zertarako ordea emakumeak halako lanetarako, ibai ertzetik idi eta astoek ere gauza bera egin bazezaketen? Erantzun erraza du galderak. Merkeagoa zen emakumeak kontratatzea animaliak erostea baino. Zamaketariekin gauza bera. Oso baldintza gogorretan bizi ziren ofizioko emakumeak. Hirugarren bitxikeria bat. Donostiako Kontxako badia zamaketarien gune izandakoa da XIX. mendean. Hainbat etxola zeuden eta emakumeak bakailaoarekin lanean aritzen ziren. Arrainak itsasontzitik jaitsi, gatzetan ondu eta bildu egiten zituzten salmentan jartzeko.

Baina zertan lan egiten zuten zamaketariek? Ubitarte inguruetako irudi baltzuk biltzen ditu Untzi Museoko erakusketak. Zamaketari bakoitzak otarre bat eramaten zuen –norberarena izan zitekeen edo kontratatutakoak emandakoa– eta saskiarekin egindako bidaia bakoitzagatik ordaintzen zitzaien. Baziren maila desberdinak gainera. Bakailaoa deskargatzen aritzen zirenek irabazten zuten gehien. Ikatzarekin jarduten zutenak ere bazeuden eta, nahiz eta esfortzu handiagoko lana izan, dezente gutxiago ordaintzen zitzaien. Bidaia bakoitzeko txapa bat ematen zien arduradunak eta eguna amaitzean txapa horien araberako jornala jasotzen zuten.

Gizonezko zamaketariak sindikatuen barruan bazeuden ere, emakumeek ez zuten inolako lan eskubiderik izan. Hainbat saiakera egin ziren, baina ez zen deus lortu. Oso bizi baldintza gogorreko lanbidea zen gainera. Esaten zenez, emakume askok ahal zen lekuan lo egiten zuten eta haur txikiak zituztenek arroken artean uzten zituzten seme-alabak beraiek lan egiten zuten bitartean. Askok alkoholarekin arazoak zituzten, batzuk prostituzioaren munduan aritutakoak ziren; bazterkeria handiko lanbidea zen. Garaiko egunkari batzuen arabera, gizonezko itxura zuten askok. Uneko neskato eta emakume burgesekin konparatzen saiatuz gero, zerikusirik ez zuten, noski.

Arrantza mundua erromantizismoz begiratzeko moduko ofizioa da, denborak desagertzearen edo gutxienez asko murriztearen arriskutik gertu jarri baitu tamalez euskal kostaldearen sinbolo eta bizimodu nagusi izan den ogibidea. Hemen agian azterketak edo kontrolak ez ninduke hain hankamotz harrapatuko lehorreko belar handitako kale ume naizen hau. Baina ez nuke galdera guztiak erantzuten jakingo. Nork ikusi du itsaskilaririk euskal kostaldean? Ba norbaitek ikusiko zituen zeren egon, egon ziren, eta egon, oraindik ere badaude. Hondarribia inguruan ikus daitezke. Baina gutxi. Baimenak behar dira lanean aritzeko eta hondarrak ere egoera onean behar du egon.

Sardina freskue!

Kontserbagileak. Hegaluzea eta antxoak. Oliotan eta gatzetan ondutako produktuak. Kontserba-industrian emakumea izan da jaun eta jabe. Ondarroako kasua aipa daiteke.

Portuari lotuta egon izan da beti emakumea. Sareak konpontzen, edo hegaluzeak almazenean sartzen. Pisuzko lanak denak. Bentariak ere baziren. Donostiako portuko azkena Begitxuri izan zen. Oposizio modukoak egin behar izaten zituzten gainera, kofradiek ordaintzen baitzuten soldataren zati bat. Matematikako oinarrizko arauak jakin behar zituzten eta belarri fina izan, itsasontzia lehorreratzerako dena prest izan zezaten. Zein zen haien lana? Itsasontziko pisonerak eguneko arrantzaren lagin bat ematen zion bentariari eta honek maioristari erakutsi eta ikusitako horren arabera erosten zuen itsasontziko zama guztia prezio jakin batean. Irabazien zati bana bentariarentzat eta pisonerarentzat izaten ziren eta beste guztia kapitainaren eta arrantzaleen artean banatzen zen, adostutakoaren arabera.

Baina inon irudi ezagunik bada, Santurtziko inguruetan sortu zen sardinerarena izan da. Portuan arraina hartu eta salmentara abiatzen ziren. Oinez. Oinutsik. Oinetakorik gabe egiten zuten barrualderanzko bidea. Eta ez nolanahikoa. Hogei kilometro baino gehiago ibiltzen ziren beraietako batzuk egunero. Kultura herrikoian sardinerak oso pertsonaia ezagunak izan dira. Donostian, esaterako, 30eko hamarkadan arrain saltzaile onenaren lehiaketa antolatu zuten Konstituzio Plazan, ea nork zeukan grazia handiena arraina saltzerako orduan.

Itsasoaren zitalkeria, oso gertutik

Itsasoko ezbeharren sortzaile eta errudun gisa hartu izan dira urteetan emakumeak, boteredun izaki zital bezala ikusi izan dira kultura askotan, baina errealitateak maiz erakutsi du emakumeak izan direla itsasoaren zitalkeria gertutik bizi izan dutenak. Itsasoak marinel asko irentsi ditu eta emakume ugarik bakarrik egin behar izan dute aurrera euren familiekin. Bermeon 1912an izandako galerna da euskal historia garaikidearen gertaerarik larrienetako bat. Ehun arrantzale inguru hil ziren orduko hartan. Eta bitxikeria bat gehiago. Laugarrena. Garai hartan ezkontza komunalak egiten ziren Bermeon, egun berean hainbat bikote ezkontzen ziren. Galernaren ondorengo egunetarako halako ezkontza masibo bat zegoen aurreikusita. 57 ziren ezkontzera prestatutako bikoteak, baina bertan behera geratu zen hitzordua. Soilik 6-7 bikote batu ahal izango ziren. Gainontzekoak itsasoan galdu ziren betiko.

XX. mendean, ordea, itsasoaren irudiak aldaketa sakonik izan zuen, bai itxuran behintzat. Ez zen soilik lanerako eremu izango aurrerantzean eta burgesiarentzat gune erakargarri bihurtuko zen. Turismoa eta itsas bainuen onurak azkar zabalduko ziren lehenengo hamarkadetan. Medikuntza higienista goraka joan zen urte haietan, itsasoko bainuak oso ondo ikusita zeuden eta bainuetxeetako kulturarekin lotzen ziren maiz.

Kirolerako eremu ere bihurtu da itsasoa. Eta emakumeak horren parte izan dira, nahiz eta bere presentzia oso mugatua izan den. Izan ziren emakume aitzindari batzuk eremu horretan ere. Azken bitxikeria bat, hau lehorrekoontzat eta kostaldekoentzat. Agatha Christie idazle britainiarra izan zen horietako bat. Surfa praktikatzen hasi zen lehenengo emakumeen artean egon zen, Hawaiiko natiboek egiten zutena imitatzen hasi baitzen kirol horretan sartzen. XX. mendeko 20ko hamarkadan izan zen. Eta ordutik, zenbat gauza gertatu den... itsasoan eta itsasotik kanpo.