NAIZ
IRUÑEA

Abel Azcona deklaratzera deitu dute, ostiekin eginiko erakusketarengatik

Iruñeko Instrukzioko 2. Epaitegiak Abel Azcona deklaratzera deitu du bere erakusketa baten baitan ostia sakratu batzuekin ‘pederastia’ hitza idatzi zuelako. Otsailaren 25ean joan beharko du deklaratzera artista nafarrak, goizeko 9.30ean.

Katoliko talde bat, Azconaren erakusketaren aurrean otoitzean. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Katoliko talde bat, Azconaren erakusketaren aurrean otoitzean. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, hilaren 25ean joan beharko du deklaratzera Abel Azonak, Iruñeko Instrukzioko 2. Epaitegira. Goizeko 9.30ean du hitzordua.

Abokatu Kristauen Espainiako Elkarteak jarritako salaketa batetik abiatuta, Azconak deliturik egin ote zuen ikertzen ari da epaitegia. Gobernu espainolak Nafarroan duen ordezkaritzak ere Fiskaltzari jakinarazi zion jazotakoa, «erlijio sentimenduen aurkako» deliturik ba ote zen iker zezan.

‘Desenterrados’ izeneko erakusketaren baitan, 242 ostia sakratu erabili zituen artista nafarrak ‘pederastia’ hitza osatzeko. ‘Amen’ izena eman zion Azconak obra horri –gerora 285.000 euroren truke saldu zuen obra hura eta dirua gobernuz kanpoko erakunde desberdinei eman zien–.

Azaroa eta urtarrila bitartean egon zen ikusgai erakusketa, eta urte guztian ikusle gehien zutenen artean izan zen, 7.800 pertsonatik gora izan baitziren bertan.

Hala ere, ostia sakratu horiek erakusketa ireki eta egun gutxira desagertu ziren eta ez ziren berriro jarri. Horiekin osatutako ‘pederastia’ hitza erakusten zuten argazkiak bertan mantendu egin ziren.

Azconaren lana arbuiatzeko mobilizazioak ere egin zituzten Iruñean kutsu ultra zuten talde katoliko zenbaitek.