NAIZ
BILBO

Olatu denboraleak kalteak eragin ditu Euskal Herriko kostaldean

Euskal kostaldea kolpatu duen denboraleak itsaso zakarra eta olatu handiak ekarri ditu, puntu ugaritan kalteak eraginez. Besteak beste, Zarautz, Donostia edo Bermeon utzi ditu denboraleak ondorio nabarmenenak.

Itsasoa zakar, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Itsasoa zakar, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Azken orduotan euskal kostaldeari eragin dion denboraleak kalte materialak eragin ditu, itsaso zakarrak, olatu handiekin, gainezka egin eta gero.

Goizaldeko 3.00etatik 7.00etara alerta gorria ezarri zuen Lakuako Gobernuak. Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik gogorarazi du denboraleak Atlantikoko kostaldean eragiten jarraitzen duela, eta, hortaz, portuetan eta kostaldean kontuz ibiltzeko eta itsas jarduerak zein haizeguneak saihesteko eskatu du. «Lehenik eta behin, ez da pertsonarik kaltetu eta horixe da garrantzitsuena», adierazi du.

Bermeon, haizeak eta itsasaldiak portuko kai-muturraren ia 30 metro kaltetu dituzte eta beste hamar mugiarazi. Halaber, arraunerako pantalana, bi flotagailu eta urak eramandako beste zenbait elementu kaltetu dira. Orobat, kirol pantalanetako hiru ‘finger’ hautsi dira. Oregik esan du lehen ebaluazioak emandako behin behineko datuak direla, eta Lakuak 2014ko denboraleen ostean egindako lanei esker, portu azpiegiturak babestu direla nabarmendu du.

Zarautzen, olatuen indarrak kalteak eragin ditu malekoiko zenbait lokaletan, eta ez dira handiagoak izan ostalari eta merkatariek beren establezimenduetan ezarritako babesei esker, baina Surf Eskolan eta sozietate gastronomiko batean larriagoak izan dira ondorioak.

Donostian, olatuek Pasealeku Berrian, Eguzki inguruan eta Kontxako Rotonda diskotekan eragin dute eta hainbat hesi eraman dituzte, kirol instalazioak eta tabernetako terrazak kaltetuta, segurtasun neurriak jarri arren. Ondarretako hondartzan ere izan dira kalteak (hiri altzariak), bai eta Mundaizeko eta Maria Cristinako zubietan ere.

Asteazkenera arte itxita egongo den Pasealeku Berrian, olatuak Zuloaga plazaraino eta Aldamar kaleraino sartu dira. Itsasgorak eta Urumea ibaiaren ur goraldiak ur irteera txikiak sortu ditu Urkiko biribilgunean, Txomineko haur parkean eta Martutueneko espetxearen atzealdean. Kirol eta arrantza portuetan ez da kalte bereizirik izan.

Hondarribian, itsasoak kirol pantalanerako sarbide bat hautsi du eta olatuek indarrez jo dute Butron pasealekuan. Pasaian, itsas txalupa bat jitoan geratu eta Oiartzun ibairaino iritsi da; orobat, zenbait garaje eta San Pedroko zenbait atari kaltetu dira.

Orion, hondartza babesteko hesiaren 25 metro kaltetu dituzte urek, eta Zumaian, hondatuta geratu da itsasoko kai mutur handiko komun publikoa, bai eta seinale eta galtzada harriak ere. Getarian, olatuek jatetxe bateko kristalak hautsi dituzte, eta Mutrikun kalteak ez dira munta handikoak izan: kirol pantalanetan kalte arin batzuk izan dira. Oraingoz, ezin da hondartzako pasealekutik ibili. Ondarroan, aparkatutako zenbait ibilgailu astindu ditu urak, eta alde zaharrean ere sartu da.

Lekeitio, Muskiz, Getxo edota Donibane Lohizunen ere izan du eragina denboraleak.

Gaurko egunean zehar alerta laranja izango da indarrean. Arratsaldeko 17.10ean izango da itsasgora.