NAIZ
BAIONA

Aitzinako hiru militante komisariara deklaratzera deitu dituzte bide seinaleen aferagatik

Aitzina antolakundeko hiru militante deklaratzera deitu dituzte komisariara, bide seinaleen afera dela-eta duela bi urte hasitako prozedurari jarraiki.

Frantses hutsez idatzitako kartelak eskuan agerraldia egin zuten duela bi urte. (Sylvain SENCRISTO)
Frantses hutsez idatzitako kartelak eskuan agerraldia egin zuten duela bi urte. (Sylvain SENCRISTO)

Aitzinak berak Twitter bidez jakinarazi duenez, antolakundeko hiru militante deklaratzera deitu dituzte komisariara, bide seinaleen afera dela-eta.

2014ko uztailaren 14tik dator auzia, Aitzinak frantses hutsean zeuden bide seinaleen aurkako ekimena burutu zuen. Frantses hutsean zeuden errepide seinaleak «lapurtu» eta Parisera zihoan tren batean sartu zituen, «Euskal Herriaren nortasun kulturala eta politikoa ukatzen» zutelako.

Horren ondotik, jendarmeak Aitzinaren lokalean sartu ziren miaketa egiteko asmoz. Gazteek poliziak material informatikoa eraman zuela salatu zuten. Hurrengo egunean, frantses seinaleak eskutan hartuta egin zuten salaketa, agerraldi jendetsu batean.

2014ko azaroaren bukaeran eta abenduan Ieltxu Ostolaza eta Koldo Etxegarai atxilotu zituzten, eta aske utzi.

Aitzinak komisariaren deiak «gogorki» salatu ditu eta gazteei adi egoteko eskatu die. «Nahi bezain bat prozedura martxan jarri ditzakete; baina, euskal gazteria ez da makurtuko», nabarmendu du.