NAIZ
IRUÑEA

Udalbiltzak Nazio Batzarra egingo du hilaren 20an, Atarrabian

Udalbiltzako ordezkariek zuzendaritza berritzeko Nazio Batzarra egingo dute otsailaren 20an Atarrabian (Nafarroa), duela bi urte erakundea eraberritu eta Hego zein Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeen zikloa amaitu ondoren.

Udalbiltzako kideak, ‘Euskal herritarrak gara’ adierazpenaren aurkezpenean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Udalbiltzako kideak, ‘Euskal herritarrak gara’ adierazpenaren aurkezpenean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Ohar bidez Udalbiltzak jakinarazi duenez, 2013ko martxoan Donostiako Victoria Eugenia antzokian egindako batzarraren ondotik, «Euskal Herriaren datuen ezagutzan, garapenean eta kohesioan urratsak» egin ditu Udalbiltzak, «gure nazioaren egituratzea laguntzeko eta udalen arteko saretzea sustatzeko».

Horrela, Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoa sortu du, ‘Pirinioetako Lan eta Bizi’ egitasmoa indarrean ipini du eta, ondorioz, hamarnaka hitzarmen sinatu ditu erakunde eta eragile txiki zein handirekin.

Beste alde batetik, naziotasunari buruzko gogoeta egin du, Euskal Herriaren marka eta posizionamendua munduan zehar kokatzeko asmoz eta udalerrien eta unibertsitatearen arteko zubi lana egiteko Ikerbiltza egitasmoa sortu du, dagoeneko emaitza «bikainak» ematen ari dena.

«Baina lana hasi besterik ez da egin. Udalbiltzak erronkak berrikusi behar ditu, etorkizuneko helburuak finkatu, erronkei heltzeko bitartekoak zehaztu. Horregatik otsailaren 20an Atarrabiako kultur etxean egingo den Nazio Batzarrean Mertxe Aizpuruak gidatutako lantaldeak lekukoa pasako dio zuzendaritza berriari, datozen urteotako ildo estrategikoa finkatzeko eta garatzeko», azaldu du.