NAIZ
DONOSTIA

1.200 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata ezartzea eskatu du LABek

LAB sindikatuak hilean 1.200 gutxieneko soldata bermatzea defendatu du. Hau «posiblea» eta «borondate politikoaren araberakoa» dela azpimarratu dute. Soldatak ziurtatzea «aberastasuna banatzeko bidea» dela gaineratu dute.

LABek 1.200 euroko gutxieneko soldata eskatu du. Irudian Rafa Izquierdo, Ainhoa Etxaide eta Bea Martxueta. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
LABek 1.200 euroko gutxieneko soldata eskatu du. Irudian Rafa Izquierdo, Ainhoa Etxaide eta Bea Martxueta. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

LABeko ordezkariek hilean 1.200 eurotako soldata «posiblea eta bideragarria dela» nabarmendu dute. Horregatik lanbide arteko gutxieneko sol data kopuru horretan ezartzea aldarrikatu dute. Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak, Bea Martxueta politika sozialetako arduradunak eta Rafa Izquierdo batzorde soziekonomikoko kideak aurkeztu dute soldaten inguruko txostena.

«Europako Karta hartuta, hauxe da, hain zuzen ere, pobrezia ekiditen duten soldatak ziurtatzeko erreferentzia. Pobreziaren alternatiba da norbanakoentzat eta irtenbide bat krisi sozialari begira, aberastasuna banatzeko bidea delako», adierazi dute.

Era berean, ekonomiarentzat ere ona izango litzatekela defendatu dute. «Enpresek ez dute beraien artean lehiatzen minimo amankomunak badaude, herri bat beti dago hobe kohesio soziala ziurtatua badu». Horrela, «posiblea» dela azpimarratu du Etxaidek. «Ilegala den bakarra gaur ezarrita dagoen Lanbidearteko Gutxieneko Soldatatik behera ordaintzea da. Inork ez du debekatzen hori hobetzea, ez da derrigorrezkoa miseriazko soldatak ordaintzea».

Soilik, «borondate politikoa» behar dela gehitu du. Aldarrikapen hau iazko Maiatzaren Lehenaren harira aurkeztutako ‘eman bostekoa’ dinamikaren parte da. Orduan,1.200 eurotako gutxieneko soldataz gain, 35 ordutako lan-astea, aukera berdintasuna, lan-osasuna eta hizkuntza-eskubideak zituen oinarri.