NAIZ
DONOSTIA

500.000 euroko kalteak eragin ditu denboraleak Donostian, ondasun publikoetan

Astearteko denboraleak 500.000 euro inguruko kalteak eragin ditu Donostian, ondasun publikoetan. Paseo Berriak itxita jarraituko du oraingoz.

Paseo Berriak itxita jarraituko du oraingoz. (@AytoSS)
Paseo Berriak itxita jarraituko du oraingoz. (@AytoSS)

Alfonso Gurpegui eta Miguel Angel Diez zinegotziek azaldu dutenez, lehen kalkuluen arabera, astearteko denboraleak 500.000 mila euro inguruko kalteak eragin zituen Donostian, udalaren ondasu publikoetan: altzari, zerbitzu publiko eta hainbat egituratan. Diru kopuru horretan ez dira sartzen lokal pribatuetan edo kontzesioan emandakoetan izandako kalteak.

Zehaztu dutenez, Paseo Berriko zoruan xafla bat altxa zuen itsasoak baina hasiera batean larria bazirudien ere, legarrez estaliko dute eremu hori.

Petrilaren 30 metro inguru ere eraitsi zituen urak eta hori ordezkatu egin beharko dute, baita baranda metalikoaren zati bi, 36 eta 15 metroko luzerakoak. Horretaz gain, eserlekuak, kale-argiak eta zaborrontziak aldatu beharko dituzte, beste lan batzuen artean.

Hori guztia egin bitartean, paseoak itxita jarraituko du oinezko zein ibilgailuentzat.

Denboralearen eraginez Haizearen Orrazian, Ondarretan, Zurriolan eta Kontxan baranda zatiak suntsitu ziren, eta horretaz gain hainbat lokaletan ere ura sartu eta kalteak eragin zituen, eta horiek konpontzeko lanak hasi dituzte dagoeneko.

Zubiei dagokienez, Zurriolakoan eta Santa Katalinakoan ez da kalterik izan; Maria Kristinakoan harrizko barandaren hiru zati berritu beharko dituzte, Mundaizkoan zoruan izan dira kalteak eta Agirre Lehendakariaren zubian egurrezko zoruaren 35 metro eraitsi ziren olatuen eraginez.