Hiru talde politiko ezberdinetako zazpi europarlamentari Euskal Herrian izango dira igandetik asteazkenera bitartean, euskal preso politikoen egoera bertatik bertara ezagutzeko helburuarekin.
Bide horretan, Greens/EFA, GUE-NGL eta ECR taldeko kideak hainbat erakunde publikotako ordezkari eta eragilerekin elkartuko dira. Era berean, sindikatu eta giza eskubideen aldeko ekimen eta elkarteekin biltzeko asmoa ere badute.
Euskal Herrian izango diren europarlamentarien artean ERC-ko Josep Maria Terricabras (Greens/EFA), GUE-NGLko taldeko presidentea den Gabi Zimmer eta ECR taldeko Mark Demesmaeker izango dira.
Astelehenean Nafarroako Parlamentuan lan saio bat eginen dute europarlamentariekin. UPNk eta PPk jada iragarri dute ez dutela parte hartuko. Parlamentua «behin eta berriz presoen alde erabiltzea» eta Nafarroa «Euskal Herriaren parte bezala kokatzea» kritikatu dute.