NAIZ
BAIONA

Fermin Muguruza, Belako eta Kadavar, EHZ festibalean izango diren lehen taldeak

Uztailaren 1, 2 eta 3an Lekornen (Lapurdi) egingo den EHZ jaialdiaren egitaraua aurkezten hasi dira eta eman dituzte jada taula gainean izango diren lehen taldeen izenak: Fermin Muguruza & New Orleans Basque Orkestra, Belako eta Kadavar. Horrez gain, eskaintza kultural oparoa ere izango da.

EHZ jaialdiko antolatzaileek agerraldia egin dute Baionan. (Bob EDME)
EHZ jaialdiko antolatzaileek agerraldia egin dute Baionan. (Bob EDME)

EHZ festibaleko arduradunak buru belarri ari dira jada antolaketa lanetan eta dagoeneko aurkeztu dituzte uztailaren lehen hiru egunetan egingo den jaialdiko kartelean izango diren lehen izenak.

Lekornera hurbiltzen direnek Fermin Muguruza & New Orleans Basque Orkestra, Belako eta Kadavar taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango dutela aurreratu dute, lehen izenak aurkezteko Baionan eginiko agerraldian.

Urtero legez, EHZ festibalaren egitaraua ez da kontzertuetara mugatuko eta azpimarratu dute aurten ere eskaintza kultural anitza izango dela.

Ikuskizunen artean, King Size zirku akrobaziak edota Mystérieuses Coiffures izango dira Lekornen. Azken honek, ile apainketaren bitartez pertsonen itxura erabat aldatuko du minutu gutxitan.

Eztabaida gunean, Notre Dame des Landes guneko militanteak izango dira beren testigantza ematen.

Burujabetzaren ildoa eta prezio politika berria

Jaialdiak ‘Sorgin zelaian, gurean asma’ lelopean burujabetzaren ildoa segituko du, bi puntutan oinarrituz: Euskal Herriko gazteria eta askapen soziala. Hala, Euskal Herriko gazterian arreta ezarriko du. «Burujabetza hitzaren zentzua garrantzitsua da, festibalak dituen baloreak laburbiltzen dituelako. Euskal Herri libre batean bizi nahi dugu, euskaraz», azaldu du Pauline Guellek.

Bestalde, aurtengo edizioan prezio politika berria aplikatu du. Hasteko, 100 bonoko eskaintza egin dute, hiru egunetarako 40 euroko salneurriarekin. Ondoren, programazio osoa jakinarazi baino lehen, txartelak 45 euroan salduko dituzte. Azkenik, 50 euroan aldez aurretik erosi ahalko dira eta bertan 60 euroan.

Festibalaren webgunean sarrerak eros daitezke dagoeneko.