naiz

Atxikimendu ugari bildu ditu igandeko erraustegiaren kontrako mobilizazioak

Arlo desberdinetako 50 talde baino gehiagok eman diote babesa igandean Zubietan errasutegiaren kontra ospatuko den mobilizazioari. Herri desberdinetatik abiatuta, Letabiden egingo dute topo eta gero ekitaldi nagusia Zubietan bertan ospatuko da.

Lasarte-Orian erraustegiaren aurka egindako mobilizazioa. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Lasarte-Orian erraustegiaren aurka egindako mobilizazioa. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Errausketaren kontrako Mugimenduak igandean Zubietara antolatu duen martxak atxikimendu zabala lortu du. 50 erakunde baino gehiagok ekimenarekin bat egin dute, ohar baten bidez adierazi dutenez.
 
Era berean, nabarmendu egin dute errasutegiaren kontrako ekimenek gora egin dutela: «Horren lekuko da joan den astean aurkeztu zen Aiztondo plataforma, Villabonan, Zizurkilen, Adunan, Alkizan, Asteasun eta Larraulen erraustegiaren kontra dauden herritarren bilgunea. Baita larunbatean Andoainen, Ipar Haizeak deituta, egin zen giza katea ere».

Zentzu honetan, igandean, martxa «tokian tokiko ekimen guztiak bat datozela adierazteko modu bat» da. Martxa bera hainbat herritatik abiatuko da eta parte-hartzaileak bidean topatzen joango dira. Azkenean, edonondik abiatu direla ere, denek bat egingo dute 12:00ak aldera, Letabiden, Gipuzkoako Aldundiak erraustegia eraiki nahi duen gunean. Gero elkarrekin jaitsiko dira Zubietara. Bertako frontoian, 13:00ak aldera, martxa burutzeko ekitaldia izango den lekura.

«Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi», zehaztu dute. Horretarako, eta Aldundiaren jarreraren aurrean, elkarrekin lanean aritzea erabaki dute.

Martxak, besteak beste, Andoain, Zizurkil, Hernani, Añorga Txiki, Lasarte-Oria, Usurbil eta Zubietatik abiatuko dira.

Erraustegiaren kontrako plataformez gain, Ernai, Irabazi, Equo, Sortu, EH Bildu, Ezker Anitza-IU, CCOO de Euskadi, LAB edo ESK ere batu dira. Beste hainbat elkarte eta konpartsek ere babestu dute.