NAIZ

Askapenak eta Librek mundu osora eramanen dute Euskal Herriko epaiketa politikoen egoera

Libre/Eleak mugimenduak eta Askapenak Euskal Herrian epaiketa politikoen egoera nazioartera zabaldu nahi du, eta horretarako dinamika berri bat jarri dute martxan, zeinekin Herrialde Katalanak, Italia, Alemania, Eskozia, Argentina, Venezuela edo Andaluzia bisitatuko dituzten, besteak beste.

Askapena eta Eleak/Libre mugimenduko kideek dinamika berria aurkeztu dute. (ASKAPENA)
Askapena eta Eleak/Libre mugimenduko kideek dinamika berria aurkeztu dute. (ASKAPENA)

Askapenak eta Eleak/Libre dinamikak, hurrengo hilabeteetan mundu osoan zehar, Euskal Herriaren Lagunak, Euskal Herriko elkartasun komiteek egingo duten dinamika berria aurkeztu dute prentsaurrekoan. Euskal Herrian epaiketa politikoen egoera sozializatu nahi dute, eta horretarako Herrialde Katalanak, Italia, Alemania, Eskozia, Argentina, Venezuela edo Andaluzia bisitatuko dituzte.

Leku guzti hauetan, hainbat dinamika eramango dira aurrera. Besteak beste, ‘Desobedientzia; elkartasunetik konpromisora!’ dokumentala izango da ikusgai. «Honekin, herri harresien inguruko lanketa egingo da eta auziperatuen injustiziaren aurrean hartzen den   defendatzeko konpromisoa jarriko da erdigunean», azaldu dute. 

Auzipetu ezberdinek euren esperientziak plazaratuko dituzte, atxiloketak, torturak eta holako prozesu batek suposatzen dituen ondorio guztiak azpimarratuz. Hauen sozializaziorako hainbat ekimen ere burutuko dituzte.

Honen baitan, Eleak/Libre dinamikak Askeguneen eta Herri Harresien uneetan oihartzunaren uhinak ez direla Euskal Herrira mugatu azpimarratu dute, nazioartera ere hedatu direla. «Elkartasun eta konpromisoa heldu zaigu ondoren bueltan, hainbat modutan», gogorarazi dute. «Argi dugu gure oinarrizko eskubideen aldeko eta salbuespen politiken aurkako borroka hemen, gure herrian pizten ditugun indarren arabera irabazi edo galduko dugula. Baina argi dugu ere internazionalismoak elikatu egiten gaituela».

Internazionalismoaren garrantzi honetan, Askapenak gogoratu egin du eskubide zibil eta politikoen aldeko borroka «ez dela amaitu», eta apirilean eta maiatzean beste 16 euskal herritar espainiar Entzutegi Nazionalean epaituak izango direla azpimarratu. «Elkartasun guztia garrantzizkoa izango da herri honetan ematen diren epaiketa politiko guzti hauekin bukatzeko eta gureak diren eskubide zibil eta politikoak eskuratzeko».