NAIZ
BILBO

Angel Aldana euskal deportatua Venezuelan zendu da

Urte luzez deportaturik egon ondoren Venezuelan zendu zen, atzo, Angel Aldana. 70eko hamarkadan Ipar Euskal Herrira ihes egindakoa, konfinatua izan zen lehendabizi eta 1985ean deportatu zuten.

Ezkerretik hasita, Juanjo Aristizabal, Juan Carlos Arriaran, Koldo Saralegi eta Angel Aldana Panaman, 1989ko urrian, ‘Egin’i eskainitako elkarrizketan.
Ezkerretik hasita, Juanjo Aristizabal, Juan Carlos Arriaran, Koldo Saralegi eta Angel Aldana Panaman, 1989ko urrian, ‘Egin’i eskainitako elkarrizketan.

Gertuko iturrien bitartez NAIZek jakin ahal izan duenez, apirilaren 3an, igandean, zendu zen «Angelin» Aldana, Venezuelan.

1949. urtean Gorozikan jaioa, 70. hamarkadaren bukaeran ihes egin zuen Ipar Euskal Herrira eta 1981eko otsailean atxilotu zuten Ziburun eta urte hortako urrian Yeu irlan konfinatu zuten, bete hainbat euskal iheslarirekin batera.

1984an berriro atxilotu eta Baionako iparraldean konfinatu zuten. Konfinamendua hautsi eta 1985eko abuztuan atzeman zuten Ziburun. Hiru hilabete beranduago Ekuadorrera deportatu zuten eta han 1988ko martxora arte eduki zuten, gau eta egun Poliziaren zaintzapean.

Hain zuzen ere, Ecuadorren bizi izan zuen deportazioren pasarte gogorrenetako bat, 1986ko urtarrilean, bahitu eta torturatu zutenean. Alfonso Etxegarairekin bizi zen; operazio berezietarako Ekuadorko indar polizialetako kideak beren etxean sartu, bahitu eta polizia espainolen esku utzi zituzten, tortura latzak eraginez 24 orduz, Pedro Guzman bahituta zegoen enpresaria non zegoen jakiteko.

1988ko martxoan Dominikar Errepublikara bidali zuten eta urtebete beranduago, Panamara.

Urte hartako abenduan, Estatu Batuek herrialde hura inbaditu zutenean Jose Sebastian Laboa Vatikanoaren nuntzio apostoliko pasaitarraren egoitzan babestu zen Juanjo Aristizabal, honen emazte Jone Idigoras, Koldo Saralegi eta Juan Carlos Arriaran euskal deportatuekin, Laboak berak gonbidatuta. Hantxe gorde zen, halaber, Manuel Antonio Noriega generala, hain zuzen ere AEBek harrapatu nahi zutena. Enbaxada urtarrilaren 3ra arte militar estatubatuarrek inguratuta eduki zuten, Noriegak bere burua entregatu zuen arte.

Nuntzioak berak ondoren gestioak egin zituen euskal deportatuak herrialde «seguru» batera eramateko. Hala, 1990eko otsailean laurak Venezuelara bidali zituzten.

1996an Gobernu espainolak Aldanaren estradizioa eskatu zuen; 1999an atxilotu egin zuten eta ondoren aske utzi.

Azken urteotan, gaixotasun larri bat izan zuen eta nahiz eta sendatu zen, bere osasun egoerak okerrera egin zuen berriro eta igandean hil zen.

Sorturen doluminak eta salaketa

Sortuk doluminak adierazi dizkie Aldanaren senide eta lagunei, eta euskal deportatuen «egoera larria» salatu du. Gaur egun oraindik «ehunka» euskal herritar deportatuta, erbesteratuta edo Euskal Herritik at preso daudela gogora ekarri du eta egoera horrekin bukatzeko lan egingo duela nabarmendu du, «deportatu, erbesteratu, iheslari eta preso politiko guztiak etxera aske ekarri arte».