ASIER AIESTARAN
Donostia

Matxalen Ziarsolo, ondo pentsatutako agurra

Matxalen Ziarsolok pare bat urte zeramatzan buruari bueltaka, eta orain hilabete batzuk jakinarazi zion erabakia klubari. Bera Berako kapitaina «eredua» dela goraipatu du Tati Garmendiak, eta jokalariak bere lesioa gainditu eta kantxan jokatzen agurtu nahi duela.

Matxalen Ziarsolo, erdian, bere talde kideekin. (Juan Carlos RUIZ / AFP)
Matxalen Ziarsolo, erdian, bere talde kideekin. (Juan Carlos RUIZ / AFP)

Denboraldi amaieran bere goi mailako kirolari ibilbideari amaiera ipiniko diola jakinarazi eta hurrengo egunean, Matxalen Ziarsolok prentsaurrekoa eskaini du Donostiako Kirol Etxean bere agurraren arrazoiak azaltzeko. Eta maila horretako jokalari batek merezi duen bezalaxe, aretoa leporaino bete da bere hitzak entzuteko.

Kazetariez gain, hantxe izan dira bere hainbat taldekide ere, eta Ziarsolok ezin izan dio malkoei eutsi. Hitza hartzen lehena Tati Garmendia izan da, Bera Berako eskubaloi sailaren arduraduna. Azaldu duenez, Ziarsolok hilabete batzuk lehenago jakinarazi zien bere erabakia eta ermuarra «eredu bat» izan dela goraipatu du, «jokalari, kapitain eta pertsona moduan».

Azkar hartu dio lekukoa Matxalenek. «Badaramatzat pare bat urte jokatzeaz gain lanean ere ari naizela. Lan mundura apurka sartzen joan nahi nuen eta taldean jarraitu ala ez buelta asko eman dizkiot azken bi denboraldi hauetan. Orain uste dut unea iritsi dela eta horregatik hartu dut uzteko erabakia».

Meniskoan izan duen azken lesiotik osatu eta kantxan jokatzen agur esatea, horixe da jokalariaren benetako nahia. «Urte gogorra izan da niretzat lesioaren erruz, baina badakigu lesioak ez direla inoiz momentu onean iristen. Lan asko egiten ari naiz osatu ahal izateko eta nire nahia jokatzen agur esatea litzateke. Hilabete geratzen zait horretarako, eta ea lortzen dudan».

Edonola ere, argi onartu duenez, «taldea sekulako maila ematen ari da, eta ez da erraza izango erritmo horretan jokatzea». Zentzu horretan, behin Kopa irabazita, denboraldia Ligako tituluarekin borobiltzea «ametsa» litzatekeela gaineratu du, «baina oraindik neurketa oso zailak ditugu aurretik».

Atzera begira ipinita, berriz, garaipenik bereziena «irabazitako aurreneko titulua» izan zela aitortu du: 2007ko Kopa L’Elianan. «Ez ginen irabazteko faboritoak, eta sekulako poza izan zen. Titulurik ospatuena izan zela ere esango nuke». Aurreneko Liga ere, 2012/13koa, aipatu du: «Itxako desagertu ostean jada faboritoak ginen, presio gehiago geneukan, eta Ligak denboraldi guztian onena izan zarela esan nahi du».

Hiru Liga (2012/13, 13/14 eta 14/15), bost Kopa (2007, 2009, 2013, 2014 eta 2016) eta bost Superkopa (2008, 2012, 2013, 2014 eta 2015) irabazi ditu Ziarsolok, Bera Berak bereganatu dituen titulu guztietan parte hartuz.

Lehen taldean jokatutako hamabost denboraldietan 1.420 gol sartu ditu ermuarrak, Juan Carlos Elorzak bildutako datuen arabera: 1.095 Ligan, 195 Europako lehiaketetan, 99 Kopan eta 31 Superkopan.