Jon Ormazabal
Iruñea

Irribarriak airean ibili du Aimar Olaizola

Aramako aurrelariak beste erakustaldi bat eman du, goizuetarra erantzunik gabe utzi du frontisetik oso urrun mantenduz. Finalerdietan Oinatz Bengoetxearen aurka arituko da (14-22).

Irribarriak bere ibilbideko garaipenik sonatuena lortu du (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Irribarriak bere ibilbideko garaipenik sonatuena lortu du (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Esana zuen astean zehar Aimar Olaizolak Iker Irribarriak buruz buruko txapelaren bat baino gehiago irabaziko duela eta badirudi, oraingoan ere, senak ez diola huts egingo, Aramakoa bere joko mailari eusteko gai bada behintzat. Bere zoritxarrerako, bera izan da gipuzkoarraren lehen biktima ilustrea.

Berezkoa duen pilotari sena, ordea, ez zaio nahikoa izan gainera etorri zaion erauntsiari aurre egiteko. Aspekoak airean ibili du, ezkerrez, sotamanoz eta boleaz ikaragarri eman dio eta zazpitik ez dago miraririk egiterik.

Sake-errematea baliatuz eta aurkariaren eskuina bilatuz, partidari eusti ahal izan dio goizuetarrak zenbait momentutan, baina amore eman eta aurkariaren nagusitasuna onartzea baino ez zaio geratu Olaizola II.ari.