Mikel Zubimendi
Donostia

Sei ezaugarri eta konklusio bat

Atzo Donostiako Kursaalean profesionaltasun handiz GARAk antolaturiko forum-era Arnaldo Otegi ikustera bertaratu zirenek indartsu, forma onean, fresko, fin eta txisparekin ikusi ahal izan zuten elgoibartarra.

Arnaldo Otegi. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Arnaldo Otegi. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Eguneroko ohikeria informatiboetatik harago, urruti-urruti begiratu, horizonte sakon bat eskaini eta ohiko nahi luketen kaskarkeria intelektuala aise gainditu zuen, maila oso altua emanez. Greziako Protagoras, Erromako Zizeron, AEBetako hogeigarren presidente Franklin D. Roosevelt edo IRAko buruzagi Brian Keenanen irakaspenak baliatu zituen ikaragarri inspiratu zuten hausnarketak egiteko. Konexio emozionala lortu zuen, egin beharreko eztabaidak eta hartu beharreko erabakiak desdramatizatzeko deia egin zuen, erabaki guztiak hil ala bizikoak, azkenak bailiran hartzeko dagoen joera etxekaltekotzat joz. Zentzu tragiko gutxiago eta, Uruguaiko Pepe Mugicak dioen bezala, zoriontsu izateko borroka egiteko irrintzia bota zuen, umorea eskatuz, errezeta oroahaldunen eta arrakalarik gabeko ziurtasunen aurrean mesfidati izateko gomendatuz, galderak eta zalantza-dantza aldarrikatuz, ariketa horretan gorpuzten delako arrazoi politikoa. Lidergo konpartitu bat, kolektiboa eskatu zuen, itsasoz blai, kontraesanen eta borrokaren uretan sartuta olatu ona amesten duen surflariaren parabola eder askoa utzi zuen, buruko zilizioan betikotzekoa, ekin eta jarrai benetan lider handia den elgoibartarrak.

Perla horiek guztiak eta bost uzteaz gain, niretzat, egiazko lider estrategiko batean nabarmentzen diren sei ezaugarri erakutsi zituen Arnaldo Otegik. Baga, aurreratu: ezkerreko herri abertzaleak behetik gorako prozesu independentista herritar eta askotarikoa taxutzeko egin behar dituen mugimenduak ebaluatu eta sortuko dituen erreakzioak aurreratu zituen, pagatu beharreko ordain segurua, Otegirentzat demokratizatu ezin den Estatuarekin konfrontazio berri bat aurreratuz. Biga, desafiatu: printzipio eta duintasunez lepo, bere idealen alde bizitza eman duen pertsona gisa ikusi genuen, zoriontsu eta irribarrea ezpainetan loratuta beti, askatasuna ukatu dion Estatuari, gorrotorik gabe, desafioa publikoki botaz. Higa, interpretatu; akatsak onartuz, autokritika herriari zor eta ez aurkariek agindutako betebehar, haiek bezalakoak ez garelako, errezeta itxi eta ziurtasun osoen aurrean mesfidati, euskal jendearen kezkak egoki interpretatu zituen. Laga, erabaki; espektakularra da eta enpatia ariketa minimo bat eginez, Arnaldo Otegiren neurria eta balorearen erakusgarri, momentu zailetan hartu behar diren erabaki zailak hartzeko nolako gaitasuna izan duen. Erabakia behingoz hartu behar zenean, di-da erabakitzea. Hori ausardia! Boga, lerrokatu; ikusi besterik ez zegoen atzoko publikoa, haren jaioterriak, adinak, lanbideak eta posizio sozialak, ohartzeko ezkerreko herri abertzalea batu eta nazio eta mundu berria eraikitzeko ahalegin komun batean lerrokatzeko erakutsi zuen ahalmena, politikoki hitz eginda ondo aprobetxatu beharreko marabilla bat dena. Eta sega, ikasi; hainbeste urtez hainbeste sartu-irten kartzelatik eta kanpoan galdera-mailuak zain izango zituela seguru, bere burua prestatu, jakintza eta erreferentzia berriak pilatu, arnas luzea eta ikuspegi estrategikoa argitu... beldurgarri ederra da ikasi duen guztia eta nolako natural eskaintzen duen. Izan ere, lider bat izatea ez da jendea motibatu eta estrategia baten alde babes politikoa antolatzea bakarrik, plan guztiek ezinbesteko dituzten zuzenketa, gaurkotze eta birsortzeekin batera babes hori mantentzea eta, ahal den neurrian, zabaltzea ere bada.

Azkenik, harrokeriarik gabe baina harro, konklusio bat: «Ze ona den eta ze forman dagoen Arnaldo» zioen jendeak bukaeran. Ez dut nik horretan zalantzarik. Baina bai nabarmendu behar dela besteak ze txarrak, ze eskasak diren, ene, ene! Urkullu edo Lopez bat han imajinatu eta, sentzilloki, ez dago konparaziorik.