NAIZ
IRUÑEA

Hendaia, Muskiz, Gasteiz eta Iruñetik abiatuko dira, maiatzaren 20an, Txirrinkaren lau zutabeak

‘Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!’ lelopean abiatuko da Txirrinka bizikleta martxa maiatzaren 20an. Hendaia, Muskiz, Gasteiz eta Iruñetik lau zutabe abiatuko dira eta Euskal Herria zeharkatu ondoren, Bergaran batuko dira,

Txirrinka ekimena aurkeztu dute. (AHTTxirrinka)
Txirrinka ekimena aurkeztu dute. (AHTTxirrinka)

Maiatzaren 20an, ostirala, abiatuko da Txirrinka bizikleta martxa ‘Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!’ lelopean, eta asteburu guztian zehar luzatuko da. Hendaia, Muskiz, Gasteiz eta Iruñetik lau zutabe irtengo dira eta AHTak Bergaran daukan korapiloan egingo dute bat.

Ekimen hau talde eta eragile sozial ugarik bultzatua antolatu da, eta gaurko aurkezpenean adierazi dutenez, «azpiegitura txikitzaileak sustatzeko erabilitako errekurtsoak jendearen zerbitzura» jarri behar direla defendatuko dute. Honela, Euskal herriko herrialde desberdinetan «lurra zein jendartea mehatxatzen dituzten egitasmo suntsitzaileak» salatzeaz gain, «hoien aurkako borrokak» ezagutarazi eta aldarrikatuko dituzte.

Modu honetan, lau zutabeak elkartzean, «borroka guztiak bat direla» irudikatuko dute. Honekin batera, ekimen honekiko atxikimendu kanpaina zabaldu dute, zuzenean parte hartuko ez duten eragile sozial, politiko, sindikal eta kultural guztiek ekimenarekin bat egiteko aukera ere izan dezaten.

Amaiera ekitaldia, Bergaran, AHTaren lanen ondoan burutuko dute. Bertan, oinezko martxa bat osatuko dute, duela 15 bat urte egindako lehenengo mobilizazioa gogoratuz.