NAIZ
BILBO

Kamiñaldeko kaltetuei elkarlanerako deia egin die Ondarroako Udalak

Kamiñaldeko luiziak kaltetutako herritarrekin biltzen jarraitu nahi du Ondarroako Udalak, baina «bilera horiek informazio elkartrukerako ez ezik, elkarlan eta eztabaidarako izatea» gustatuko litzaiokeela esan du Zunbeltz Bedialauneta alkateak. Kaltetu guztiak birkokatzeko, Alokabideren aurreikuspenen arabera, oraindik beste 47 etxebizita gehiago beharko dituzte.

Zunbeltz Bedialauneta eta Eneritz Basurko zinegotzia. (UDALBARRIAK.EUS)
Zunbeltz Bedialauneta eta Eneritz Basurko zinegotzia. (UDALBARRIAK.EUS)

«Kamiñalden gertatutakoaren berri emateko elkartu gara kaltetuekin baina harremanak estutu eta aurrerantzean hartu behar diren erabakiak herritarrekin batera hartu nahi ditugu», adierazi du Zunbeltz Bedialauneta alkate ondarroarrak. Ezbehar honen aurrean dauden herritarrekin egon behar dutela gaineratu du, «azken kaltetua etxera bueltatu arte eskuz-esku lanean» jarraitu behar dutela nabarmenduz. 

Ondarroako Udala, kaltetua den neurrian, berak ere eraikin horietan etxebizitza eta lokalak izan dituelako, kaltetuek osatutako gestorako parte izatera pasatu da.

Eneritz Basurko Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, Alokabidek ere bere prozesua azkartu du eta dagoeneko 26 familiarekin sinatu du kontratua, baina oraindik ere etxebizitzen premia «handia» dela azpimarratuta, etxe hutsak dituzte herritarrei Alokabideren esku uzteko deia egin die Udalak.

47 etxebizitza gehiago

«Alokabidek egindako aurreikuspenen arabera, oraindik 47 etxebizitza gehiago beharko ditugu kaltetu guztiak beste etxe batzuetan birkokatu ahal izateko», zehaztu du Basurkok.

Hutsarazitako etxeetan izandako lapurretak direla-eta, Ertzaintzarekin egindako bileran zaintza lanak indartzeko eskaria egin zuen Udalak. Bileraren hurrengo egunean bertan, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari zaintza lanak bermatzeko eskariarekin gutuna helarazi ziotela azaldu du alkateak.

Larrialdi egoera mantentzen den bitartean eta herritarrak beraien etxeetatik kanpo dauden bitartean ezin dutela zaintza murriztu nabarmendu du Bedialaunetak.

Ondarroako Maskulu etxeko arreta zerbitzuak ere martxan jarraitzen duela gaineratu dute, herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko gunea.

Dirulaguntzen arloa ere abian jarri dute Ondarroako Udalak eta Lakuak. Apirileko osoko bilkuran Kamiñaldeko luiziaren ondorioz etxea lekualdatzeak eragindako kalteak arintzeko lehen beharretarako laguntzen oinarriak onartu zituen Udalak. Aste honetan, Lakuaren Gobernu Batzordeak aipatutako laguntzak onartu ditu eta epe laburrean herritarrek laguntza eskatzeko aukera izango dute.