NAIZ
Getxo

Ken Zazpi, El Inquilino Comunista, Rubia eta Guda Dantza, asteburuan Ereaga hondartzan

Bihar Ken Zazpik irekiko du Ereaga hondartzako aparkalekuan urtero izan ohi diren kontzertuak. Talde gernikarraz gain, Guda Dantza, Rubia eta El Inquilino Comunista talde getxotarrak larunbatean igoko dira oholtzara.

Ken Zazpi taldea ‘Phoenicoperus’ lana zabaltzen ari da. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)
Ken Zazpi taldea ‘Phoenicoperus’ lana zabaltzen ari da. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

Ereaga hondartzako aparkalekua uda aurretiko kontzertuen kokapena izango da aurten ere, eta ostiralean, maiatzaren 6an, Ken Zazpi talde bizkaitarrak ‘Phoenicoperus’ azken lana aurkeztuko du bertan, 22.00etatik aurrera. Larunbatean, hilaren 7an, Guda Dantza, Rubia eta El Inquilino Comunista taldeek Getxon egindako soinuak erakutsiko dituzte 21:00etatik aurrera. Ohi denez, emanaldiotarako sarrera doakoa izango da, Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez.

Horrela, ostiraleko saioan Ken Zazpik bere zortzigarren diskoaren kantak ekarriko ditu Getxora. ‘Phoenicoperus’ lanean sinbologia berritzaileaz baliatu da talde bizkaitarra pop rock eta psikodelia uztartzen dituen «bere unibertso musikal berezia suspertzeko». Orain dela bi urte eta erdi Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin (EOS) eginiko elkarlanaren ondoren, seikoteak esperimentazio eta doinu elektronikoen aldeko apustua egin du, ohiko hitz sozialak eta politikoak baztertu gabe.

Bestalde, Getxoko hiru talde jardungo dira larunbatean ‘Getxoko Doinuak: Lehendik gaur arte’ izeneko saioan. Guda Dantza seikote gazteak hasiko du kontzertua hainbat estilo uztartzen dituen musikarekin, esaterako, ska, reggae, soul, funk edota ska rock. Iaz, talde getxotarrak bere bigarren lana kaleratu zuen: ‘Labarren Ertzean’.

Ondoren, Rubia igoko da taulara. Sara Iñiguez buru duen taldeak hiru disko grabatu ditu, eta horietako azkena ‘Barman’ da. Bere musikan 1960ko hamarkadaren soinuak, soularen eraginak, countrya eta emakumezkoen egile kanta nahasten dira.

Azkenik, El Inquilino Comunista talde beteranoak borobilduko du larunbateko saioa. Indie rock musikaren erreferentzia, taldea Getxo Sound delako mugimenduaren aitzindaria izan zen eta 25 urteko ibilbidea du agertokien gainean.