NAIZ
Apeldoorn

Tom Dumoulin Italiako Giroko lehen liderra, etxean irabazi eta gero

Holandan hasi da aurten Italiako Giroa eta bertako txirrindulari batek, Tom Dumoulinek, jantzi du lehen maillot arrosa. Denbora berean geratu da Primoz Roglic eslobeniarra. Mikel Landa arabarrak 40 segundu galdu ditu. (NAIZen Italiako Giroaren inguruko orrialde berezia).

Tom Dumoulin jantzi du arrosa. (Luk BENIES / AFP)
Tom Dumoulin jantzi du arrosa. (Luk BENIES / AFP)

Berarentzako aproposa zuen Italiako Giroaren hasiera Tom Dumoulinek. Etxean eta 10 kilometro inguruko erlojupekoa, eta ez du hutsik egin. Hala ere, azken metrora arte sufritu behar izan du, Primoz Roglic eslobeniarrak denbora bera egin du-eta.

Helburu honekin zetorren Giant-Alpecin taldeko txirrindularia, sailkapen nagusia baino gehiago, eta bete egin du.

Sailkapen nagusiko txirrindularien artean, Andrey Amador izan da onena. Iaz laugarren sailkatu zen, etanahiz eta aurten Alejandro Valverde taldekidearen mesedetan aritu beharko duen, hirugarren izan da gaurkoan, 6 segundura. Nibalik 19 segundu galdu ditu, Valverdek berak 24, Chavesek 30, Zakarinek 32, Uranek 33, Majkak 38 eta Landak 40.

Arabarra izan da euskaldunik onena, eta nahiz eta erlojuaren kontrako lanean sufritu, galerak ez dira handiak izan.

Bihar Holandan jarraituko du lasterketa, eta egun laua izango dute. Mendiko maillota jokoan jartzeko mendatetxo txiki bat kenduta, ez da sailtasun handirik egonen. Haize handirik egotea ere ez da espero, beraz esprinta izatea da seguruena Nijmegenen amaituko den etapan.